Arrakastatsua izan da aurtengo Jazpana Fest musika jaialdia ere. Atom Rhumba, Rufus T. Firefly eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen kontzertuak izan dira jendetsuenak

Niña Coyote eta Chico Tornado bikoa, Bernedoeneko karpan bildutako publikoa agurtzen // Arg: Garbiñe Irizar
Bederatzigarren Jazpana Festa ere arrakastatsua izan da, bete-betea. Plazera hitza izan da gehien entzun izan den hitza, bai musikarien aldetik, eta bai entzuleen aldetik. Jazpana kultur elkarteko antolatzaileek «leher eginda», baina gustura bukatu dute. Diego Gomezen esanetan, «orokorrean oso ondo atera da. Iazko edizioarekin alderatuta, jende gutxixeago ibili da, eta barran mugimendu gutxiago izan da.Baina iazkoa nahiko jendetsua izan zen, zentzu horretan, aurreikuspenak ez ditugu bete, baina horrek ez du esan nahi gaizki joan denik. Kontzertuak oso ondo joan dira, jendea oso pozik geratu da kontzertuekin. Jendearen eta taldeen balorazioak jasotzen ari gara eta oso pozik gaude».
Kontzerturik jendetsuenak ostiraleko Atom Rhumba, eta larunbateko, Rufhus T. Firefly eta Niña Coyote eta Chico Tornadorenak izan ziren. «Nahiz eta Niña Coyote eta Chico Tornadok goizaldeko 02:00etan jo, jende asko izan zen karpan». Bideluze plazan egindako bi ekintzak ere Sara Mansillaren kontzertua eta Reziclonk familientzako tailerrak, jendetsuak izan ziren. «Bideluzeko ekitaldiak, oso ondo atera ziren. Eguraldiaren beldur ginen, baina oso ondo atera ziren», zehaztu du Gomezek.
Petti abeslaria ere gustura geratu zen Beasaingo jaialdiarekin, igandean sare sozialetan adierazi zuenez: «Izugarri gustura atzo Jazpana Festen. Mila esker han egondako guztiei, taldeei eta bereziki antolatzaileei, plazer hutsa da halako jaialdi batean parte hartzea, eutsi!»
Afaltzeko gunean ere jendea «gustura» egon zen, nahiz eta hasieran iragarritako lau janari postuetatik hiru ez etorri: «Azkeneko momentuan lotu ditugu beste bi furgoneta. «Jendeak gustura hartzen du kontzertu artean lasai esertzeko lekua. Eskertzen dute».
Jazpanakoek eskerrak eman nahi izan dizkie bi eguneko musika jaialdia egoki ateratzeko lan egin duten 50 boluntarioei.
Denda irekita
Aurtengo Jazpana festa bukatu bada ere, Jazpanako materiala erosteko aukera dago oraindik, azaroaren bukaerara arte,
tictail webgunearen bidez.
ARGAZKI GALERIA:
(Garbiñe Irizar / Meet me in the north)