Olano, Beasaingo odolkiaren erregea
Bostgarren urtez segidan irabazi du Beasaingo Odolki Lehiaketa.
Beasaingo Odolkiaren Kofradiak antolatutako 33. Odolki lehiaketa jokatu da gaur Beasainen, Gernika pasealekuko pilotalekuan. 32 epaimahaikideren erabakiaren arabera, Olano harategiko odolkia izan da aurten ere onena. Alde handiarekin irabazi du, gainera, 50 punturekin. Bostgarren aldiz jarraian jantzi dute txapela Jose Manuel Olanok eta Loinaz Usabiagak; eta guztira, hamabigarren aldiz.
Hamaika odolkilek hartu dute parte aurtengo lehiaketan: Beasaingo lauk, eta Arrasate, Donostia, Orio, Lasarte, Zarautz, Zegama eta Zaldibiako banak. Finalerako lau odolki sailkatu dira: Beasaingo Olanorekin batera, Beasaingo Zubeldia, Zegamako Urmeneta eta Lasarteko Larrañaga.
Odolki pintxo lehiaketa
Aurretik, haurren odolki lehiaketaren sari banaketa egin da.
- Pintxorik originalena: Edur Mate.
- Itxura onenarena: Julene Ruiz, Mau Guitart eta Arnau Guitart.
- Odolkiaren saria: Ekhi Mate eta Axier Olano.
- Zaporerik onenaren saria: Garazi Enparantza.