Musikako irakaslea da Arantxa Zubillaga eta ikasleekin musika lantzeko metodologia berria jorratu du. Euskal Herriko Unibertsitateak ere interesa azaldu du sortu duen material berriaren inguruan.

Ordiziako Oianguren institutuko musika irakaslea da Arantxa Zubillaga (Alegia,1969). Irakaskuntzan hasi bezain pronto konturatu zen, ikasleen artean sekulako aniztasuna zegoela berak ematen duen irakasgaian. Hori ekiditeko asmoarekin, eta ikasle guztiak integratzeko helburuarekin, ikasleekin musika lantzeko metoldologia berria jorratu du. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko musika irakaskuntzako fakultateak ere interesa azaldu du, Zubillagak sortutako material horretan.
Zergatik sortu zenuen metodologia berri hau?
DBH1 eta DBH2n ematen ditut klaseak, eta kurtso horietan, ikasleen artean, musikari dagokionez, maila oso desberdinak aurkitu daitezke. Ohiko materialarekin, batzuen eta besteen artean desberdintasunak sortzen zirela antzeman nuen. Kontua da, batzuk eskolatik kanpo solfeoa eta instrumentu desberdinak jotzen ikasten ari direla, beste batzuk, ordea, hutsetik hasten dira eskolan bertan, zailtasun kognitiboak dituztenak ere badaude. Era guztietako ikasleak daude.
Horren aurrean zerbait egin behar nuela uste nuen. Ikasle guztiak parte hartzeko modua bilatu nahi nuen, eta hori da hain zuzen ere, sortu dudan material pedagogiko horrekin lortu dudana.
Eta zertan datza material berri horrek?
Hainbat instrumenturekin taldean interpretatzeko moduko 6 abesti dira sortu ditudanak. Txirularekin jotzeko ez ezik, bateriarekin, baxu elektrikoarekin, kitarrarekin eta beste instrumentu batzuekin jotzeko modukoak dira. Ikasgelan ditudan ikasleen ahalmenera moldatzen dira abestiak. Azken batean, denek batera jo ahal izateko abesti oso zailak ez egiten saiatu nintzen, baina aldi berean, interpretatzeko atseginak direnak.
Horrez gain, estilo, neurri, erritmo eta konplexutasun desberdinetakoak dira. Baina ikasle guztiak parte hartzeko modukoak aldi berean, inor kanpoan utzi gabe. Ikasle bakoitzak, bere papera izango du.
Material horrekin orkestra baten modura aritzen zarete beraz?
Hori da, eta horrela ikasle bakoitzak ondoen egiten dakiena lantzen du, taldeko parte izanez. Abestiak osatzeko, guztien beharra dago.
Partiturez gain, audioak ere sortu dituzu. Zertarako?
Audioei esker, ikasleek partiturak nola interpretatu jakiteko informazio zehatza dute. Nire anaia ere musikaria da eta haren laguntzarekin egin dudan zerbait da.
Material berri hori erabiltzen hasi zarenetik, zer nabaritu duzu?
Ikasleen jarrera askoz ere hobea da. Haien guztien ahalmenera egokitzen den materiala delako eta eurak hortaz ere jabetzen dira. Aldaketa oso positiboa nabaritu dut material berriarekin.
Bestalde, nire lana ere erraztu du, ikasle guztiak norabide berean doazelako, nahiz eta bakoitzak maila diferentea izan. Baina guztiak batera doaz aldi berean.
EHUko musika irakaskuntzako fakultateak ere interesa jarri du sortu duzun materialaren inguruan?
Bai, hala da! Metodologia berri honen inguruko informazioa jaso zutenean, nirekin harremanetan jarri ziren eta proposamen bat egin zidaten; Leioako ikasleek eta Oiangurenekoek sei abestiak ikasi eta denok batera jotzea, hain zuzen ere.
Noiz gertatuko da hori?
Aste honetan bertan joango gara, ostiralean, EHUren Leioako campusera hango ikasleekin batera jotzera. Guztiontzat esperientzia oso positiboa izatea espero dut.