Auzipetuta jarraitzen du
Julen Pradok auzipetuta jarraitzen du martxoaren 11n Iruñeko manifestazioan izandako istiluen harira. Beñat Lasaren eta Mattin Intsaustiren kasua artxibatu egin dute
Mattin Intsausti idiazabaldarrak eta Beñat Lasa lazkaotarrak urriaren 27an, eta Julen Prado beasaindarrak urriaren 28an jaso zituzten Polizia Nazionalaren eskutik, urriaren 30era Madrilera, Auzitegi Nazionalera deklaratzera joateko zitazioa. Gazteen arabera, «esan genien ez zela normala hain denbora tarte gutxirekin zitazioa iristea. Eta beraiek ere horrela zela esan zuten eta abokatua hartzeko gomendatu ziguten».
Abokatuarengana joan eta sumarioaren izenagatik jakin zuten martxoaren 11n Iruñean Errepresioari Autodefentsa dinamikak «herri mugimenduko eragileek jasandako eraso errepresiboak» salatzeko egindako manifestazioaren ondoren izandako istiluen harira auzipetu zituztela. Errenteriako hiru gazte atxilotu eta kartzelan sartu zituzten, eta adin txikiko bat fidantzapean aske utzi zuten. «Etxekoei esatea izan zen okerrena», gogoratu dute.
Urriaren 30ean Madrilera joan ziren, «oso urduri». Abokatuak hiru aukera zeudela esan zieten: «Bat, epaiketara arte libre gelditzea, beste bat fidantzapean libre uztea epaiketara arte eta hirugarrena, behin-behineko kartzelan sartzea». Badaezpada ere, maleta eskuan hartuta joan ziren Madrilera. Eta espero ez zutena gertatu zen: «Fiskala ez zen azaldu, eta fiskalak berak bakarrik eskatu zezakeen prebentiboa. Beraz, itzuli egin ginen, fidantzarik gabe, epaiketaren zain. Aukerarik onena zen», diote. Kasua daraman epailea Carmen Lamela, Altsasuko gazteen kasua daraman epaile bera dela gogorazi dute.
Julen bakarrik
Abenduan, ordea, Mattin eta Beñat absolbitu egin zituzten beste hainbat gazterekin batera; baina Julen ez, auzipetuta jarraitzen du oraindik, epaiketaren zain, beste 9 gazterekin batera. 7 urteko kartzela zigorra eskatzen dute Julenentzat. «Desordena publikoa eta terrorismo delituak leporatzen dizkidate, baina oraindik ez dakit zehazki zer egitea leporatzen didaten. Akusazio guztia politikoa da, ez du jartzen bakoitzak zer egin duen eta zer ez. Okerrena da ezer ez dutela behar horrelako egoera batera gu eramateko, Audientzia Nazionalera terrorista bezala alegia. Amorrua horrek ematen dit. Hor zaude, inongo bermerik gabe, epaiketara inongo bermerik gabe joango gara. Epaiketa politikoa da guztiz. Testuinguru politiko batean kokatzen da auzia. Fiskalak irakurketa edo akusazioa sortu du. Hurrengo pausoa izango da bakoitzari zenbat urte botatzen dizkigun jakinaraztea eta zer egiteagatik. Hori egiten duenean nire defentsa aurkeztuko dut eta gero epaiketa izango da. Absoluzio gehiago ez dira emango hemendik aurrera».
Testuinguru politikoa
Goierriko hiru gazteen iritziz, iazko martxoko «testuinguru politikoa» dago auzi horren atzean. «Manifestazioa izan zenean estatuak behar zuen horrelako zerbait, edozer gauza behar baitute, Auzitegi Nazionalaren eta epaileen lana justifikatzeko. Altsasuko kasua hartu zuten lehenengo eta gero gurea. Kataluniakoa iritsi zen gero, Madrilera joan ginen eta fiskala ez zen agertu. Gure ustez, Kataluniarekin zerikusia du. Jolas bat bezala da beraientzat. Beraien jolasaren barruan dago dena», azpimarratu dute.
Horrekin batera, «gazteen aurka errepresioa erabiltzen dute kriminalizatzeko eta jendea beldurtzeko, jendea etxeko sofan gelditzeko, eta mugitzen dena arriskuan jartzeko. Hamabi lagunei eman ziguten abixu hori, beraien estrategia izango da, gu gelditzea, gure aktibitate politikoarekin aurrera ez jarraitzea», diote. Gazte batzuen kasua artxibatzeaz, bestalde, «beraien estrategia kolektiboa zatitzea»izan dela uste dute. «Euskal Herrian horrelako milaka kasu izan dira. Jolas bat da, fitxak gara beraientzat eta mugitzen gaituzte beraien estrategiaren arabera, lortu nahi dituzten gauzen arabera», gaineratu dute.
Datorren astetik aurrera
Epaiketaren datarik ez daukate oraindik, baina 2018an izan daitekeela uste dute. Julenen eta beste 9 gazteren kasua salatzeko, askatasuna eskatzeko eta babesa agertzeko, datorren astetik aurrera hainbat ekintza egingo dituzte Beasainen. Hilaren 25ean, moskeo kanpainarekin hasiko dituzte ekitaldiak.













