Igandean Herri Lasterketa jokatuko dute, 14 eta 7 kilometroko bi probekin
Beasain Challengeko bigarren proba puntuagarria da. Hirugarren aldiz, monoziklo lasterketa jokatuko da. Haurrek ere izango dute korrika edo monoziklo probetan parte hartzeko aukera
Datorren igandean, hilaren 11n, VIII. Beasaingo Herri Lasterketa jokatuko da Bealak taldeak antolatuta. Beasain Challengeko bigarren proba puntuagarria izango da eta ohi bezala, bi ibilbide prestatu dituzte: batetik, 14 kilometroko lasterketa ibilbideari bi itzuli emanez, eta bestetik, 7 kilometrokoa, ibilbideari itzuli bakarra emanda.
Kale Nagusian, udaletxe aurrean jarriko dute irteera eta helmuga puntua, eta Beasaingo kaleak zeharkatuko ditu lasterketak. Herriko korrikalariek entrenamenduetan askotan egiten duten zazpi kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek: Kale Nagusitik barrena, Nafarroa Etorbidetik gora, Antzizar kiroldegiraino joango dira eta handik bueltan, tren geltokitik eta Joan Iturralde kaletik barrena, Lazkaibargo zubitik, Ordiziatiko skate parketik zubia pasa eta berriz ere Beasaingo plazaraino itzuliko dira. Lasterketa luzea aukeratzen dutenek, bi itzuli eman beharko dituzte. Zazpi kilometroko lasterketa 10:55ean aterako da eta hamalau kilometrokoa 11:00etan.
Lasterketetan parte hartu nahi duten korrikalariek herrikrosa.eus webgunean eman dezakete izena. 18 urtetik gorakoek parte har dezakete.
Baina gazteagoek ere izango dute korrika egiteko aukera, beraientzako egokitutako zirkuituan. 10:35ean, 8 eta 9 urteko haurren txanda izango da eta zirkuituari itzuli bat eman beharko diete korrika; 10 eta 11 urte bitartekoak, berriz, 10:40ean aterako dira eta zirkuituari bi itzuli eman beharko dizkiete.
Zirkulazioa
Herri lasterketak herriguneko zirkulazioan eragina izango du eta antolatzaileen esanei jaramon egiteko eskatu dute Bealak elkartekoek.
Monozikloak ere tokia izango du igandean
Korrikalariekin batera, monoziklistak ere igandeko protagonista nagusiak izango dira Beasainen. Bealakek antolatutako Herri Lasterketarekin batera, 3. monoziklo lasterketak ere izango baitira, Orekan Bizi Naiz elkartearen laguntzarekin.
Orekan Bizi Naizeko Aritz Zeberioren esanetan, «Euskal Herriko partaideekin batera, aurten ere Madril, Soria, Benavente eta beste zenbait txokotako partaideen bisita izango dugu».
Ohi bezala, eta korrikalariek bezala, helduentzat bi dira prestatutako ibilbideak; 7 kilometrokoa eta 14 kilometrokoa. 09:45ean hasiko dira monoziklo lasterketak. Izen ematea herrikrosa.eus webgunean egin daiteke.
Gaztetxoenek ere izango dute aukera, «lasterketa ez lehiakor batean herriko kaleetan itzuli bat egiteko», 10:35ean hasita. Kasu honetan, izen ematea irteera puntuan bertan egin ahal izango da.













