Taldekakoan urrezko domina lortu du zegamarrak euskal selekzioarekin; baita Aritz Urra lazkaotarrak ere, juniorretan
Jon Arakama txirrindulari zegamarrak emaitza bikainak lortu ditu asteburuan, Tafallan (Nafarroa) jokatutako Pista Estaliko Espainiako Txapelketan. Urrezko domina bat eta zilarrezko beste bi jantzi ditu, kadete mailan.
Banakako frogetan aurrealdean ibili zen Arakama, podiumeko postuak lortuta; jazarpen proban nahiz kanporaketakoan, bietan zilarrezko domina bana lortu zuen.
Taldekakoan etorri zen urrezko domina, Euskal Selekzioarekin batera, Balear Uharteetako eta Madrilgo taldeei aurrea hartuta. Arakamarekin batera, Larrañaga, Murua eta Rodriguez aritu dira.
Aritz Urrak beste bi domina
Junior mailan, Aritz Urra lazkaotarrak ere garaipena lortu du Keirin proban, Ekain Jimenez taldekideari aurrea hartuta. Taldekakoan etorri da bigarren urrezko domina, Larrañaga eta Jimenezekin batera irabazi baitu abiadura proba, Valentziako eta Madrilgo taldeen aurretik.