Agurraren ekitaldiarekin eman diote hasiera festari arratsaldean; haurren jolasak eta afari-merienda izan dituzte ondoren.
Goierriko bost eskola txikietako – Itsasondo, Olaberri, Zerain, Gabiria eta Ezkio-Itsaso – 120 bat ikasle, guraso eta irakasleren topalekua da gaur Ezkio. Goierriko Eskola Txikien jaia ospatzen ari dira bertan, aurten lehenengoz Ezkio-Itsasoko eskola txikiak antolatu duelarik.
Arratsaldean, 16:30ean eman diote hasiera festari, agurraren ekitaldiarekin. Txalaparta eta adarraren doinuez lagunduta, bertso batekin egin die ongietorria bertaratutakoei Itziar Etxezarreta Ezkio-Itsasoko eskola txikiko gurasoak. Ondoren, Ezkio-Itsasoko eskola txikiko ordezkariek Zeraingoei pasatu diete lekukoa (irudian), datorren urtean euren ardura izango baita egun hau antolatzea.
Etxezarretak berak aipatu duenez, Goierriko eskola txikien festa, euren artean elkartu eta hartu-emanak estutzeko helburuarekin egiten da. Herri txikiak izanda, eskola txiki bakoitzaren egoera bakarra eta berezia da, “gora behera askokoa batzuetan”, esan du Etxezarretak. Dena den, Ezkio-Itsason gustura daude, “osasuntsu gaude, urtetik urtera gero eta haur gehiagok ematen baitu izena”.
Agurraren ondotik, haurrentzako jolasaren unea iritsi da. Itsasoko herri-kirolen parkea antolatu dute pilotalekuan eta bertara joan dira guztiak. 18:30ean afari-merienda batekin amaituko dute Goierriko Eskola Txikien festa. Datorren urtera arte.
Ikusi Goierriko Eskola Txikien festaren argazkiak jarraian: