Fernando Lopezek, Juan Manuel Lescanok eta Siosiua Moalak ere taldean jarraituko dute
Ampo Ordiziako jokalari eta entrenatzaileak, partida baten ondorengo juntadizoan. Arg.: Carlos Mediavilla
Iñigo Marotiasek eta Aritz Garmendiak gidatuko dute bigarren urtez jarraian Ampo Ordizia. Aurtengo denboraldi bikainak bi entrenatzaileen lidergoa sendotu du eta, honenbestez, orain arteko lan ildoarekin jarraituko dute, etxeko jokalariekin osatutako taldea oinarri hartuta, eta lantaldea indartuko duten jokalari profesionalez osatuta.
Taldearen garapena handia izan da aurten eta Ordizia Rugby Elkarteak konfiantza osoa du kirol proiektu honetan. Helburua argia da: haztea eta erronka handiagotarako aukerak bilatzea.
Kirol zuzendaritza ere lanean ari da azken hilotan, datorren urteko taldea osatu eta duela bi urte hasitako kirol proiektua sendotu asmoz.
Lopez, Lescano eta Moala
Lan horren adibide behinena da Fernando Lopezek, Juan Manuel Lescanok eta Siosiua Moalak taldean jarraituko dutela, aurreko asteetan kontratuak sinatu baitituzte. Lopezen berrikuntzari, Lescano eta Moalarenak batu zaizkio, azken txapelketako bi jokalari aipatuenetakoak. Julen Goiak eta Valentin Cruzek ere ziurtatuta dute jarraipena aurrez.
Coert Cronjek eta Geronimo Albertarriok utziko duten hutsunea betetzeko bi jokalari kontratatzeko lanean ari da kluba. Joan den astean eman zuen OREk albistea, eta elkarrekin egindako lana eskertzeaz gain, zorterik onena opa die biei aurrerantzean.