Igandean Ortiz de Luzuriagaren omenezko BTT martxa izango da
Ibilbidea ohikoa da eta 35 kilometro beteko dituzte. Lehen zatia motzagoa izango da. Ortiz de Luzuriagaren monolitoan geratuko dira aurten ere
Hamalaugarren ekitaldia du aurtengoa Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko BTT martxa. Hura zendu eta lagunek hari omenaldia egin asmoz sortutako martxa izan zen. Denboraren poderioz egonkortu eta sendotu da. Igandean da eta izen-ematea 08:00etatik 09:00etara izango da. Aitor Uribetxeberria antolatzaile taldeko kidearen hitzetan, «10 euroko izen-emate kuotari eutsi diogu, azkenaldian halako frogen prezioa izugarri igotzen ari da eta hori ez dator gure filosofiarekin bat».
Ibilbideak aurreko urtekoen antza izango du. Uribetxeberriaren arabera, «Larrosainen Xabierren omenezko monolitotik igaroko da beti bezala. Laubide auzoan hasi eta bukatuko da, baina lehenengo zatia pixka bat moztu dugu». Hain zuzen, Aztiriatik, Larrosaindik pasata, Brinkolara doan zatia laburragoa izango da eta Korosti aldera egiten duen zatia luzeagoa. Guztira 35 kilometroko luzera izango du ibilbideak eta 1.600 metroko desnibel metatu positiboa. Iaz 180 lagun inguruk parte hartu zuten.
Uribetxeberriak azpimarra egin nahi izan dio frogaren nolakotasunari, «ez dugu lehiakortasuna sustatzen, Xabier lagunari kuadrillak egiten dion omenaldia da. Egia da parte hartzaileek ibilbidea egiteko maila minimo bat izan behar dutela. Guk legazpiarrak parte hartzera animatzen ditugu, ibilbidean zehar beti dagoelako ihesbide bat bilatzeko aukera eta, horrenbestez, laburtzeko modua». Legazpin bertan izanda, aurretik ibilbidea egiteko eta ezagutzeko parada dagoela ere gogoratu du.
Bi anoa postu jarriko dituzte, bat Brinkolan eta bestea Korostiko bidean. Aurreneko txirrindulariak 11:30a bueltan iristen hasiko direla aurreikusi du eta gero, «tantaka-tantaka» 14:00etara bitartean iristen joango direla.
Bukaeran zer jan eta zer edan egongo da aurtengoan ere eta oparien zozketa egingo dute. Elastikoak ere banatuko dituzte amaieran. Zozkatuko dituzten produktuak elikagaiak dira, «gorputzerako ongarriak», dio Uribetxeberriak irribarretsu.
Zuzenean edo zeharka Xabier Ortiz de Luzuriagaren lagunek antolatzen dute froga. Haren senideak ere monolitoaren inguruan izango dira bizikleten martxa ikusten.













