Frantziako Tourrari hiru etapa falta zaizkionean, hiru bigarren postu eskuratuta dira Gorka eta Jon Izagirre anaia txirrindulariak. Itzuli ona ondu dute, lantsua, borrokalaria eta serioa. Ohi duten eran. Saria falta.

Etapa garaipenik lortu ala ez, Gorka eta Jon Izagirre anaiek gaur eta bihar jasoko dute Goierriko zaletuen esker ona eta animoa, Frantziako Tourrean egin duten lan eskergagatik. Pirinioetako azken jardunaldian, gaur, Lourdes-Laruns (200,5 km) bidean, Aspin, Tourmalet eta Aubisque; eta bihar Euskal Herriko erlojupekoko Senpere-Ezpeleta (Lapurdi) bideko 31 kilometroak bihurtuko zaizkie benetako sari, merezimenduz eta duin irabazia. Etapa garaipenik baztertu gabe, ikusiak ikusi lehiarako baitaude.
Saririk gabe, baina Izagirre anaiek Tourrik onena izango da 2018koa. Jonek 2016ko uztailaren 23an, Megeve-Morzine 20. etapan dastatu zuen ezti zaporetsuena, etapa irabazita. Baina, oraingoz estasi leherkorrik gabe izanda ere, gogoan hartzeko moduko itzulia egin dute aurten.
Biak saiatu dira gogotik, eta lortu ere lortu dute zerbait. Hiru bigarren postu, bien artean. Jonek birritan errepikatu du, Annecy-Le Grand-Bornand mendate ikusgarrian (uztailak 17, 10. etapa) eta Millau-Carcassona etapan (15. etapa, 22an). Julian Alaphilippe eta Magnus Cort Nielsen aurreratu zitzaizkion.
Bien artean 11 Tour
Gorka Pirinioetako lehen etapan (16.a) izan zen balentria egiteko zorian, Carcasona-Bagneres de Luchon bitartean. Portillon ziztu batean jaitsi, eta bigarren sartu zen helmugan. Alaphilippe orduan ere nagusi.
Hain justu, Bagneres de Luchonen Aitor Perez Arrieta zegamarrak utzi zuen bere izena idatzita. 2010eko Tourrean, 3. egin zuen Pamiers-Bagneres 15. etapan. Thomas Voecklerrek irabazi zuen, eta 1:20ra sartu ziren Alessandro Ballan eta Perez.
Gorkak seigarren Tourra du. Postu onena (32.) 2015ekoa du. Bitan utzi behar izan zuen. Jonek bosgarrena du. Postu onena ere aurten lor dezakete biek.
Fernando Gaviriak Gabiriarekin loturarik ez
Aurtengo Tourreko beste izen bat Fernando Gaviria esprintlari kolonbiarra izan da. Bi etapa irabazi ditu, bere lehen parte hartzean. Gabiria aldean arreta eman du haren abizenak, nahiz eta jatorriz loturarik ez daukan herri horrekin.
Antiokiakoa da Fernando Gaviria Rendon (La Ceja, 1994). Euskal jatorria dute antiokiarren %40k (2,8 milioi pertsonak). Kolonbia osoan, 3.000 euskal abizen daude. Nazioko presidente (1990-1994) izandako Cesar Gaviria Trujillorena edo Pablo Escobar Gaviria narkotrafikatzailearena, tartean.
Kolonbian, Gaviria eta Gavira aldaerak oso zabalduta daude. Historikoki, oso garaiz iritsi zen Hego Amerikara abizena, XVI. mendean. Badirudi, gainera, Andaluziako adarretik iritsi zela kontinentera, lehenik.