Ordiziak azken uneko entsegu batekin irabazi dio derbia Gernikari
Azken minutuetan. Halaxe irabazi du Ampo Ordiziak Gernikaren kontrako euskal derbia. Emozio handiko partida izan zen; bizkaitarrek aurreneko zatia dominatu zuten, eta gipuzkoarrek bigarrena, oso kontra jarri zitzaien markagailuari buelta emateraino. Bigarren garaipena ordiziarrentzat, eta azken hau, etxetik kanpo.
Partida oso parekatua eta lehiatua izan zen; hasieran, etxekoek 17-3 aurrea hartu zuten lehen zatian, Frutos eta Percelloren entseguekin; bigarrenaren hasieran, 20-3 aurretik jarri ziren bizkaitarrak. Baina Ampokoek ez zuten etsi, eta markagailua parekatzen jakin zuten. 55. minutuan Phil Huxfordek entsegua egin eta Valentin Cruzek kolpea gauzatu zuen (20-10). 64. minutuan bizkaitarren aldeko zigor kolpe bat etorri zen, eta Frutosek ez zuen hutsik egin.
Baina ordurako indarrak hartzen hasiak ziren ordiziarrak, eta Moalak entsegua egin zuen, eta Cruzek ez zuen hutsik egin kolpea gauzatzerakoan. 77. minutuan, berriz, Fernando Lopezek entsegua egin zuen, eta Cruzek gauzatu; Ampo Ordizia markagailuan aurretik jarri zen (23-24), partida osoan aurreneko aldiz.
Hurrengo hitzordua Altamiran izango dute errugbi zaleek, larunbat honetan. Sanitas Alcobendas talde indartsua hartuko dute, eta lehia estua espero dute Ordiziako klubekoek.