Oria ibaian bi isuri izan direla salatu du Eguzkik
Azken asteetan Oria ibaian bi isurketa izan direla salatu du Eguzki Erakunde Ekologistak, bata Andoainen eta bestea Olaberriko Ihurre auzoan. Bi kasuetan ere, 112ra garaiz abisatu zelako, isurien “jatorria eta eragilea” nor den jakitea lortu dela diote.
Aurreneko kasua Andoainen gertatu zen, irailaren 15ean, Leitzaran errekak Oria ibaiarekin bat egiten duen tokitik gertu. Urak kolore zuria hartu zuela azaldu dute, baina ez zuten hildako arrainik atzeman. Gipuzkoako Urak agentziako langilearen eta udaltzaingoaren lankidetzak “emaitza ona” eman zuela azpimarratu du Eguzkik. Isuria, etxe bateko obretatik zetorren, pintura errekara bota baitzuten.
Bigarren kasua berriz, Olaberrian gertatu da, pasa den ostegunean. Oria ibaia ere “zuriz margotu” zela azaldu du Eguzkik, Estandak eta Oriak bat egiten duten tokian. Orban zuriei jarraituz, “isuria Arcelor Mittal enpresatik” zetorrela ikusi zuten. Une hartan ez zuten hildako arrainik ikusi, baina “enpresa honen aktibitatea kontuan izanda, Gipuzkoako Urak agentziaren analisien zain” gelditu dira, isurketaren benetako eragina neurtzeko.
Jatorria bat ala beste izan, isuri guztiek errekak kontaminatu eta ingurunea kaltetzen dutela gogorarazi du Eguzki elkarteak.