'Aralar, mundua leku den lurra' ekoitzi dute Landarlan elkarteak eta On Produkzioek. Adituen azalpenak eta kontakizun «onirikoa» tartekatu ditu.

Dokumentala egin duen lantaldea atzo, Donostian egindako aurkezpenean. // Argazkia: Aimar Maiz
Aralar mendiaren ondare naturala eta kulturala «bere osotasunean» ezagutarazteko,
Aralar, mundua leku den lurra dokumentala ekoitzi dute Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioak etxeak, elkarlanean. «Leku honek duen aparteko balioa gizarteratzeko nahia, mendi honi diogun miresmenetik eta maitasunetik sortu da», azaldu dute egileek. Aralarri buruz egin den «lanik ikusgarriena eta osoena» dela aurreratu dute. Dokumentalaren berri atzo eman zuten Donostian, eta han izango da estreinaldia ere urriaren 18an.
Iban Toledo zinemagile ordiziarraren gain izan da arlo teknikoa. Toledo bera, Aloña Jauregi zaldibiarra, eta Ion Fontenla eta Garazi Auzmendi ataundarrak dira zuzendariak. 85 minutuko iraupeneko dokumental ikusgarria osatu dute, kalitate gorenean grabatua, zinemetan eta telebistan eman ahal izateko adina.
Aralarren «altxorrak» gizartera gerturatzeko saiakera da, egileen esanetan. «Begirunez eta maitasunez eginiko ekarpen bat da, Aralarrek balio natural amaigabe eta denon elkargune izaten jarrai dezan».
Filmak bi ardatzen gainean emango ditu edukiak: adituen azalpenak —16 zientzialari, politikari eta artzain elkarrizketatu dituzte—, eta «mundu oniriko bateko» pasarteak, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre kazetari beasaindarren testu «poetikoetan» oinarritua, atal artistikoan.
Lau atal, irudi ikusgarriak

Azalpen teknikoak eta zientifikoak emateko, lau sail ditu dokumentalak: geologia eta ura; flora eta fauna; historia eta arkeologia; eta kudeaketa.Batetik besterako lotura fikziozko kontakizunek egiten dute, irudi eta errekurtso literarioekin, «ikuslea gogoetara eramango dutenak».
Aralarren grabatuak dira irudi guztiak, Europako Batasuneko Ingurumen komisarioaren elkarrizketa —Bruselan— izan ezik. Lur azalean nahiz azpian filmatu dute. 70 bat irteera egin ditu grabazio taldeak Aralarrera, garraiorako asto bat hartuta. «Artxiboko irudirik ez dago batere, denak guk grabatuak dira lan honetarako», azaldu du Iban Toledok. Hasieran, ikus-entzunezko «xumeagoa» egitea zuten buruan; «baina, behin honetara ezkero, helburua zineman eta telebistan ematea jarri genuen».
Zinemagintzako baliabideak erabili dituzte, kamera eta objektibo bereziak. «Dinamismoa lortu nahi izan dugu, Aralarren beste ikuspegi bat emateko».
Pello Ramirezen musika
Irudien goi maila berean dago musika ere
Aralar, mundua leku den lurra dokumentean. Pello Ramirez ordiziarrak konposatu du, berariaz. «Musika ere, irudiak bezala, bihotzetik atera da. Lotura afektibo oso indartsua dugu Aralarrekin, eta maitasunez beterik egin dugu. Plazer handiko lana izan da, egiten oso erraza, alde horretatik», adierazi du Ramirezek.
Soinu bandaren kalitatea ikusirik, CD batean argitaratzea erabaki dute. Bai dokumentala, bai musika diskoa,
digipack batean jarriko dute salmentan.
«Aralarrek ez du ezer banatzen, lotu egiten du», azaldu dute egileek, xedeari keinuka.
Urriaren 18an estreinatuko dute filma, Donostian
Donostiako Principe antzokian, urriaren 18an (19:30) izango da ‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentalaren estreinaldia. Gonbidapenak banatuko dituzte Landarlanek eta On Produkzioek. Babesleak ‘Berria’ egunkaria, EITB eta Kutxa Ekogunea dituzte. Diruz lagundu dutenak, Gipuzkoako aldundia, CAF, Irizar, Sukia Eraikuntzak, eta Itsasondo, Legorreta eta Zaldibiako udalak.
Estreinaldiaren ondoren, antzoki eta zinema areto handietan emango dute lana. Beasainen, adibidez, urriaren 23an da emanaldia (Usurbe, 19:00). Ordizian, Iruñean, Tolosan, Zumarragan, Bilbon eta Hazparnen ere lotuta dauzkate. Herrietako aretoetan eta antzokietan emateko ere prestasun osoa agertu dute.
Kalitate gorenean grabatua da lana, 4K teknologiarekin (zati batzuk 5K-n ere bai). Kamera geldoan hartuak dira sekuentziak, Red kamerekin. Mugimendu horizontaletarako ‘sliderrak’ eta bertikaletarako garabia erabili dituzte, baita airetiko dronea ere.