Urte berriarekin, Antzerki Garaia
Datorren urtarrilaren 11an ekingo diote Antzerki Garaia antzerki zikloari eta apirilera arte luzatuko da. Sarrerak eta abonoak eskuragarri daude Ordizian eta Beasainen
Urtarrilarekin batera Ordiziako Herri Antzokiak eta Beasaingo Usurbe Antzokiak Antzerki Garaia programazioari irekiko dizkiete ateak. Antzerki Garaia egitaraua Beasaingo eta Ordiziako udaletako kultura sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerki Sarearen lankidetzekin. Ordiziako Udaletik, Joseba Aranburu zinegotzia eta Beasaingotik Xabier Matarranz izan ziren aurtengo ekitaldiaren xehetasunak ematen.
Antzerki Garaia programazioak 1995eko lehen hiruhilekoan eman zituen lehenengo urratsak, beraz, aurtengoa Goierriko antzerti denboraldiaren hogeita bosgarren ekitaldia da.
Azken urte hauetako balorazioak, orokorrean, «positiboak» izan dira eta «Beasainek eta Ordiziak elkarrekin egindako lana ikusleen mesedetan joan da». Horregatik, «bi udalen arteko lankidetza honek aurrera darrai, ahal den neurrian programazio duina eskainiz».
Obra euskaldunak
Prentsaurrean bi ordezkariek argitu zutenez, «oraingo honetan euskal antzerkigintzaren produkzioa oparoa da, eta hori aurten ere programazioan islatuko da; zortzi lanetatik sei euskaraz izango dira».
Antzerki taldeak eta obrak aukeratzeko garaian kontuan hartutako irizpideak «kalitatea, muntaia, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta obren arrakasta izan dira».
Programazioari dagokionez, urtarrilaren 11an egingo dute lehenengo emanaldia. Yllana eta Primital Brothers taldeen eskutik, The Primitals antzezlana ikusi ahalko da Ordiziako Herri Antzokian.
Urtarrilaren 18an, Kiti Manver, Melani Olivares, Gorka Otxoa eta Ines Sanchezek, Juntos komedia taularatuko dute Beasaingo Usurbe Antzokian.
Otailaren 15ean, Aitziber Garmendiak eta Joseba Apaolazak Rita, arrastoan sartzen eskainiko dute Ordizian.
Otsailaren 22an, berriz, Erlauntza lana ikusi ahalko da Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedoren eskutik.
Martxoan beste bi saio egingo dituzte. Martxoaren 1ean izango da lehena, Ordizian. Ghero, azkeneko euskalduna antzezlana egingo dute Euskaltzaindia eta Tratean Teatroaren arteko elkarlanaren emaitza. Martxoaren 15ean, berriz, Zoaz pake santuan ikusi ahalko da, Ane Gabarain eta Mikel Laskurainen eskutik.
Azkenik, apirilaren 5ean, Ordizian James Joyce idazlearen Dublindarrak eta apirilaren 12an, Borobil Teatroaren eskutik, Roman eta Julieta Beasainen.
Sarrerak eta abonuak
Emanaldi bakoitzerako sarrerak 10 euroan jarriko dituzte salgai. Dena den, ziklo osorako abonua ere lortu daiteke, 60 euroren truke.
Sarrerak emanaldia egin behar den antzokiaren leihatilan lortu ahal izango dira; Ordiziako saioetarako Barrena Kultur Etxean ere erosi ahalko dira. Eta Beasainen Kutxabank zerbitzuaren bidez ere aukera egongo da.
Talde sarrerak eskuratzeko aukera ere badago, horrela 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe eta gisakoek, prezio berezian eskuratu ahalko dituzte sarrerak: 8 euro sarrerako. Taldeko sarrerak lortzeko, dagokion udaleko kultura sailean aldez aurretik jakinarazi beharko da.
Ordutegiei dagokienez,emanaldi guztiak gaueko 22:15ean izango dira (urtarrilaren 18ko antzezlanak bi saio izango ditu: 20:00etan eta 22:15ean.)













