Duintasuna elkartea aurkeztu dute Goierri beheko jubilatu eta pentsiodunen aurrean
Goierri beheko jubilatuek eta pentsiodunek ere bere eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioak egiten hasi nahi dute. Bide horretan lagungarri izango zaielakoan, Duintasuna elkartea ekarri dute Ordiziara alor horretan egiten duten lana aurkezteko.
Goierri behean ez ezik, Gipuzkoa osoan elkarretaratzeak egiten dituzte astelehenetan jubilatuek eta pentsiodunek bere eskubideak aldarrikatzeko. Bailara honetan ere mobilizazioak egiten hasteko helburuarekin, kolektibo horren alde lan egiten duen Duintasuna elkartea aurkeztu dute Ordizian. Elkarteko ordezkari gisa, Nekane Plazaolak, Iñaki Elduaienek eta Jose Mari Uriak gidatu zuten aurkezpen ekitaldia ostegun arratsaldean Barrena jauregian. Ordiziako kultur etxeko areto nagusia bete egin zen.
Elkartearen izaeraren berri eman ondoren –”mugimendu anitza eta zabala da, ez da sindikatua ezta alderdi politikoa ere” zioen Uriak–, jubilatuek eta pentsiodunek borrokorako dituzten arrazoiak aletu zituzten banan banan, besteak beste, pentsio duinak, gizarte zerbitzuen murrizketak, pertsona adinduen kontseiluen beharra, gizarte politiken falta…
Eskari horiek bideratzeko modua mobilizazioak direla sinetsita, Barrenako areto nagusian elkartu zirenei eta goierritar guztiei gonbidapena luzatu zieten amaieran, elkarteko kide egin eta haren babesean eta laguntzarekin mobilizazio horiek egiten hasteko.