Lokatzetan zipriztintzera
Euskadiko Kros Txapelketa izango da aurten Txindoki Krosa, eta federatuen Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria ere izango da. Ia zazpiehun atleta elkartuko dira zortzi proben artean
Txindoki Atletismo Taldeak azken urteetan antolatu ohi duen Txindoki Krosarekin bat egingo du aurten Euskadiko Kros txapelketak. Igandean, hilaren 3an, jokatuko da Oianguko zelaietan, eta lau-bost orduko tartean zortzi proba jokatuko dira. Federatuen Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria ere izango da. 670 atleta elkartuko dira denera, eta milatik gora ikusle elkartzea ere espero dute antolatzaileek. Kezkarik nagusiena eguraldia da.
Euskal Autonomia Erkidegoko herrialde batek antolatu ohi du urtero kros txapelketa, eta aurten Gipuzkoari zegokion. Gipuzkoako Federazioak Ordiziako Txindoki klubari proposatu zion txapelketa antolatzea, eta horiek erronkari heldu zioten. «Ilusio handiarekin gaude. Oiangu kroserako inguru paregabea da, benetako kros zirkuitu bat. Ilusio bai, baina esfortzu handia ere eskatzen dio klubari», adierazi du Angel Perez Pululu Txindokiko ordezkari eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko zuzendaritzako kide ordiziarrak. Antolaketak sor ditzakeen kezka eta giza baliabideak lotzeaz gain, klubak 1.500 euroko kanon bat ordaindu beharko dio federazioari.
Eguraldiak ere sortzen dio buruhaustea Perezi, batik bat lasterketa ikustera hurbiltzen direnei begira. Biharko negu giro gordina dago iragarria, eta iganderako barealdia datorrela diote pronostikoek, baina hori ikusteko dago. Txindokiko kideak adierazi du Goierri Eskola inguruko aparkalekuak ikusleentzat erabilgarri egongo direla. Zirkuitua lokaztuta egongo dela ez dago esan beharrik.
Hautagai nagusiak
Lerro hauek idazterakoan haren parte hartzeari buruzko baieztapen ofizialik ez badago ere, Ivan Fernandez arabarra da senior mutilen proba irabazteko hautagai nagusia. Hark jantzi du txapela azken 10 urteetan. Haren faltan, Eneko Agirrezabal segurarra –Txindokiko presidente ere badena–, Marc Hurtado arabarra –igandean Idiazabalen irabazle– eta David Garcia durangarra dira faborito nagusiak. «Ilusio berezia egingo liguke Enekok irabaziko balu!».
Emakumezkoen artean hutsune nabarmenak egongo dira. Santutxukoa da kroseko klub indartsuena, baina Portugalen Kluben arteko Europako Txapelketa jokatuko denez, atleta onenak hara doaz, Trias Gebre eta Elena Loyo tartean. Horrenbestez, Majida Maayouf gasteiztarra eta Ainhoa Sanz urretxuarra jotzen ditu faborito Pululuk.
Gaztetxoen artean, dagoeneko Gipuzkoako Kros Txapelketa irabazia duten Maddi Galparsoro ordiziarra –20 urtez azpikoetan– eta Aimar Aierbe ataundarra –16 urtez behera– ere Oiangun izango dira. Biak Txindoki klubeko atletak dira.
Txindoki Krosa
· Noiz. Otsailaren 3an, igandea, Ordiziako Oianguren parkean.
· Ordua. Lehen proba 09:30ean hasiko da, azkena 13:10ean.Zortzi proba
· 09:30. Hamasei urtepeko mutilak. 4.840 metro.
· 09:55. Hamasei urtepeko neskak. 2.980 metro.
· 10:10. Hemezortzi urtepeko mutilak. 5.780 metro.
· 10:40. Hemezortzi urtepeko neskak. 3.920 metro.
· 11:10. Hogei urtepeko mutilak. 7.640 metro.
· 11:45. Hogei urtepeko neskak. 5.780 metro.
· 12:15. Senior-promesa mutilak. 9.500 metro.
· 13:10. Senior-promesa neskak. 7.640 metro.