Santa Ageda festak ospatuko dituzte Matxinbentan, gaur hasita
Gaur mus txapelketa jokatuko dute gauean. Biharko puzgarriak, pailazoak eta bertso afaria antolatu dituzte, eta iganderako pilota partidak eta herri kirolak. Asteartean amaituko dira festak
Ilunabarreko suziriarekin hasiko dituzte Matxinbentan Loinazko San Martinen omenezko Santa Ageda jaiak. Festak girotzen hasteko, mus txapelketa jokatuko dute 22:00etan hasita. Bikote irabazleak 200 euro eta txapel bana jasoko ditu. Bigarren sailkatuentzat arkumea eta bi txanpain botila, eta hirugarrengoentzat oilasko parea eta bi ardo botila izango dira.
Larunbatean, arratsalde osoan puzgarriak jarriko dituzte haurren gozamenerako eta Xalto ta Xalto pailazoak eta txokolate beroa ere izango dira. Gauean, Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin bertso afaria eta Lidia Irigoienekin eta Xabier Etxanizekin erromeria izango dituzte. Bertso afarirako txartelak aurrez hartu behar dira Beheko Tabernan ( 943 88 63 15).
Igandean, 11:00etan meza, ume jolasak, Azpeitiko eta Beasaingo pilotarien arteko partidak eta herri kirol jaialdia (Larrrañaga eta Otaño aizkoran, eta Mendibil eta Urra harri jasotzen) izango dira. Egun guztian, Itzeder eta Txibilter trikitilariek alaituko dute giroa.
Astelehenean, santa eskean ariko dira auzotarrak Loidi Saletxe bertsolariekin eta Laja eta Izer trikitilariekin. Otsailaren 5ean, azkenik, 11:00etan meza eta ondoren jubilatuentzat hamaiketakoa egingo dute. Festen bukaeran, bertako produktuekin osatutako otarraren zozketa egingo dute.