Lasterketa mistoa egingo dute martxoaren 3an Beasainen, 7 kilometrokoa
Ohi bezala, 14 kilometroko herri lasterketa eta monoziklo probak ere jokatuko dira. Martxoaren 9an Arriaranen antolatuko lasterketako ibilbidea ezagutzeko hitzordua jarri dute hilaren 17an
Bealak taldeak antolatzen duen herri lasterketan aldaketak izango dira aurten. Emakumezkoen parte hartzea bultzatzeko asmotan, 7 kilometroko lasterketa mistoa izango da, emakumezko batek eta gizonezko batek osatutako bikoteei zuzendutakoa. Honela, martxoaren 3an, 10:55ean, Kale Nagusitik abiatuko dira korrikalariak Antzizar kiroldegiraino, gero tren geltokitik barrenaOrdiziako Otegi armategiraino joango dira eta berriz ere plaza parera iritsiko dira. Bi korrikalariak batera iritsi beharko dira helmugara.
Bost minutu beranduago, 11:00etan, 14 kilometroko lasterketa hasiko da. Lasterketa mistoko ibilbide bera osatu beharko dute, baina bi aldiz.
10:35ean, 8 eta 11 urte bitarteko haurrek korrika egiteko aukera izango dute.
Monoziklo lasterketak
Monozikloak ere izango du lekua Beasaingo herri lasterketan. Korrika lasterketak hasi baino lehen, 09:45ean, 7 eta 14 kilometroko lasterketak izango dira.
Hiru lasterketetan parte hartzeko www.herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena. Parte hartzaileen artean, Marimurumendi mendi maratoian (42 km) eta Goierriko Bi Handiak ultran (88 km) parte hartzeko dortsal bana zozkatuko da –trasferigarriak izango dira–.
Arriaranen hitzordua, 17an
Martxoaren 9an, berriz, Xabier Mendizabalen oroimenezko Arriarango mendi lasterketa jokatuko da. 15:30ean 23 kilometroko lasterketa hasiko da eta 16:00etan 11 kilometrokoa. Izena emateko aukera dago dagoeneko, rockthesport.com webgunearen bitartez.
Ibilbidea ezagutu ahal izateko hitzordua jarri dute hilaren 17an, 09:00etan. Talde desberdinak egingo dituzte erritmoaren arabera eta gero hamaiketakoa egingo dute.