Unidad Alavesa musika taldeak ‘Martin Martin’ bigarren diskoa aurkeztuko du
Unidad Alavesak sorterrian aurkeztuko du 'Martin Martin' taldearen bigarren diskoa. San Martingo Oargi elkartean izango da kontzertua, bihar gauean. Tabernei ezarritako mugei planto egin die taldeak.
Sorterrian aurkeztuko du Unidad Alavesa musika talde ataundarrak bigarren diskoa: Martin Martin. San Martingo Oargi elkartean, bihar 00:00etan joko dute estreinakoa (sarrera 5 euro). Aurretik (22:30), Cafezafuego lagun iruindarra ariko da.
Diruari esateko esamolde herrikoia da ‘martin martin’. 2017an argitaratu zuen aurreneko bilduma Unidad Alavesak, taldearen izen berean. Ildo beretsutik dator bigarrena ere, lehenak bezalaxe, 9 abestik osatua.
Ohi bezala, musika landua eta mezu aldarrikatzaileak dira musikari ataundarren ikur. Ganberro puntu batekin eta probokazioari izkin egin gabe, «disko politikoagoa, zerbait esateagatik» atera zaie. «40 eta gehiago urterekin, ez dugu mezu zehatzik eman nahi. Bakoitzak jakingo du nondik jo. Entzun, eta garbi ulertuko du norberak zer esan nahi dugun», aurreratu du Aritz Artola abeslariak.
Estilo aldetik, berriz, «rockeroagoa» da Martin Martin. Trikitia (Eneko Dorrontsorok joa) kantu bakarrean entzuten da; beste bitan, saxoa; gainontzeko denak, gitarraz jantziak dira. «Eneko Dorrontsoro jauna, lehendik ez bagenuen nahiko prostituituta, orain tabarra bihur dakizkioke kontzertuak, tresna aldaketagatik soilik», dio, umorez, Artolak.
Taldekideen beteranotzaren enborrak lehengoa izaten segitzen du: Aritz Artola, Gurutz Bikuña, Iker Artza eta Eneko Dorrontsoro. Bateria jotzailea batu dute orain, Unai Munduate gazte ataundarra (lehen diskoa bateriarik gabe grabatu zuten).
Tabernetako mugei, planto
Azken egunotan, sare sozialetan Unidad Alavesak egin duen salaketa-bideo bat asko zabaldu da. Tabernetan urtean gehienez 12 kontzertu antolatzeko lege proposamena ez dute begi onez ikusi. «Ez da bideragarria hemen. La Oreja de Van Goghi ez dio eragingo, baina gu bezalako talde kontsolidatuei, hau da, taldeen %90i, bai. Kontzertuak jartzen dituzten tabernak ez dira aberasten; askotan dirua galtzen dute».