Herri Lasterketak 300 korrikalari elkartuko ditu Beasainen igandean
Aurten ez da monoziklo probarik izango. 7 kilometroko lasterketa bikotekakoa izango da, mistoa, eta 14 kilometrokoa banakakoa. Martxoaren 9an Arriarangoa jokatuko da
Inauterietako igandea berezia izango da aurten Beasainen, beste behin ere, Bealak taldeak antolatutako Herri Lasterketako korrikalariz beteko baitira Beasaingo kaleak. Beasain Challengeko bigarren proba puntuagarria izango da. Azken urteetan monoziklistek parte hartu badute ere, azkeneko momentuan bertan behera uztea erabaki dute Orekan Bizi Naiz elkarteko kideek, «oso jende gutxik eman duelako izena».
Aurten beraz, adin desberdinetako korrikalariak izango dira protagonista, 10:30ean hasita. Korrikan hasten lehenak haurrak izango dira: adinka banatuta, 8-9 eta 10-11 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte.
11:00etan punttuan, berriz, 14 kilometroko lasterketa hasiko da. 200 bat korrikalariren parte hartzea aurreikusten dute Bealakeko antolatzaileek. Kale Nagusitik, udaletxe paretik abiatuta, kiroldegiraino joango dira, eta tren geltokitik, Lazkaibargo zubitik eta Ordiziako skate parketik pasa eta zubia igaro ondoren, berriz ere Beasain aldera itzuliko dira korrikalariak. Bi aldiz egin beharko dute itzuli bera.
Bi minutu beranduago, aurtengo berrikuntza nagusia izan den lasterketa mistoko korrikalariak aterako dira. Itzuli bakarra eman beharko diote 7 kilometroko ibilbideari. Neska eta mutilez osatutako 50 bikote aurreikusten dituzte antolatzaileek.
Ostiralera bitartean, herrikrosa.eus webgunearen bidez eman daiteke izena helduen bi lasterketetan; eta egunean bertan, plaza azpian. Bealakek jakinarazi duenez, 16 urtetik beherako korrilariek gurasoen baimena beharko dute.
Sarien zozketak
Herriko merkatariei esker, parte hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dituzte igandean. Tartean izango da uztailaren 12an jokatuko den Goierriko Bi Handiak (88 km) eta uztailaren 14an egingo den Marimurumendi (42 km) probetako dortsalen zozketa.Transferigarriak izango dira dortsalak.
Arriaranen hilaren 9an
Datorren asteburuan ere, korrika aritzeko aukera izango da Arriaranen, Xabier Mendizabalen omenezko mendi lasterketa jokatuko baita martxoaren 9an, 15:30ean. 23 eta 11 kilometroko bi ibilbide prestatu dituzte. Izena emateko aukera dago rockthesport.com webgunean.