Londres eta Bilbo arteko gutun trukea, liburuan jasoa
Garazi Goia segurarrak eta Goizalde Landabaso bilbotarrak '1.362 km euri' liburua aurkeztu dute. Ahaztutako emakumeak gogora ekarri nahi izan dituzte idazleek gutunetan
Londres eta Bilbo artean 1.362 kilometro daude. Horixe da Garazi Goia segurarraren eta Goizalde Landabaso bilbotarraren bizilekuen arteko distantzia. Hitzen bidez, gutunen bidez, distantzia hori laburragoa izan da urtebetean. Gutuna idatzi zuten egunetan euria egin zuenez, liburuaren izenburuan erreferentzia egin nahi izan diote euriari ere. Bi idazleen arteko urtebeteko gutun trukearen emaitza da 1.362 km euri liburua.
Goiaren esanetan, «gutun trukaketa, urtebetez egin genuen, Goizaldek eta biok». Galdera batetik abiatu ziren gutun trukaketak: Bigarren bizitza batean zein emakume izatea aukeratuko zenuke? Honela, «gutun bakoitzean emakume bati egiten zaio erreferentzia. Itzalean gelditu diren emakumeak dira, nahiz eta historian urrats bat egin. Ez dira hain emakume ezagunak, baina aparteko emakumeak dira, normalean gizonezko baten itzalean geratu zirenak». Batez ere, artearen esparru zabalean ibilbide nabarmena izan duten emakumeen berri jaso dute, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak: argazkilariak, idazleak, kazetariak, abenturazaleak… Goiak aitortu duenez, «historian zehar emakumeen erreferentzia gutxi egon da eta bilaketa handia egin behar izan dugu. Gizonezkoei buruz askoz ere informazio gehiago dago». Besteak beste, ondorengo emakumeen jarduna jaso dute: Eulalia Abaitua, Paula Modersohn-Becker, Milena Jesenska, Cristina Kahlo, Natalia Sedova, Ada Deletuk, Tina Modotti, Lydia Delectorskaya, Pauline Pfeiffer, Sigrid Undset, Pauline Buonaparte, Maurizia Aldeiturriaga, Josephine Butler eta Marie Darrieussecq. Liburuaren hasieran egindako galderari zein erantzun emango liokeen erantzun du Goiak: «Ez da emakume bakar bat, nik aukeratu ditudan emakume guztien konbinazioa, bakoitzetik ezaugarri bat hartzen dut».
Ahaztutako emakumeak itzaletik argitara ateratzeaz gain, «kontaketa intimoagoa, pertsonalagoa» ere egiten dute gutun bakoitzean, gure bizitzari buruz, emakume horrek zer sentiarazi digun…». Kapitulu bakoitza gutun bat da.
Londresen lanean
Telekomunikazioaren arloan lan egiten du Garazi Goia segurarrak Londresen. BBCn 10 urte egin ondoren, gaur egun Sky etxean dabil lanean ikus-entzunezkoen arloan. Goiak sortutako hirugarren liburua da 1.362 km euri liburua; itzulpen bat ere badu.