Giro ona nagusi Iparra-Hegoan
Jende ugari gerturatu da asteburu osoan Segurara, iparraldeko eta hegoaldeko herritarren arteko harremanak sendotzeko antolatutako ekitaldietara
Eguraldia ere lagun izan du aurten Segurako 24. Iparra-Hegoak eta «oso giro onean eta jatorrean» pasa dute asteburuan, bai segurarrek eta baita kanpotik joandakoek ere. Antolakuntza taldeko Xabier Albizuren esanetan, «ikaragarrizko giroa sortu da eta jende asko ibili da; adin desberdinetako jendea, gainera».
Igandeko ekitaldi instituzionalean Iparra-Hegoari esker, «epe luzerako lankidetza» sortu dutela, eta «herrien arteko loturak estutu» direla gogorarazi zuten, eta «errekonozimendu instituzionala» jaso zuten Iparra-Hegoa antolatzeaz arduratu diren guztiek. Gereziondoko ekitaldia ere berezia izan zen: batetik, Iparra-Hegoa eskultura dagoen lekuan egin zutelako, eta bestetik, hitanoa erabili zutelako aurkezpenean. Seaskako integrazio batzordea eta Seaska izan ziren omenduak, eta Ladix Lanounque eta Ana Erasun gonbidatuak lagun. Horretaz gain, Iparra-Hegoa eskulturaren sortzailea, Josu Goia, ere omendu zuten. Azkenik, herri bazkarian ia 400 lagun elkartu ziren. Sukalki lehiaketan prestatutako sukalkia izan zuten menuan. Zegamarrek irabazi dute aurten sukalki lehiaketa.













