Mieltxo eta Mieltxa, festarako prest
Ezkioko San Migel festak bihar, ostiralarekin batera hasiko dira. Joxe Ugarteburu aizkolari beteranoari omenaldia egingo diote larunbatean
Maiatzarekin batera, Goierriko herri askotan festak ospatuko dituzte eta halaxe egingo dute ezkiotarrek ere. Sanmigelak gainean dituzte eta guztia prest dute festa leher dadin.
Bihar ostirala ekingo diete Ezkion festa nagusiei. Pilota txapelketaren finalekin hasiko dira. Finalerdiak aste honetan bertan jokatu ostean, anai artekoak jokatuko dituztela esan daiteke. Izan ere, Mujika anaien eta Alberdi anaien artean jokatuko da finala, 18:00etan hasita. Jaien hasiera ofiziala 19:00etan izango da. Azkeneko urteetan festetako ikur bilakatu diren Mieltxori eta Mieltxari agurra egingo diete. Jarraian toka txapelketa jokatuko dute eta iluntzean, urtetik urtera arrakasta handiagoa duen mus txapelketa jokatuko dute. Aurten ere bikote askok izena emango dutela aurreikusi dute. Argindegin jokatuko da eta izen-ematea 21:30ean egin beharko dute partaideek. Mus partidak 22:00etatik aurrera jokatuko dituzte.
Kirola eta festa
Ezkioko festen antolakuntzan ibili den Ander Unzurrunzagak argitu duenez, «sekula baino kirol ekitaldi gehiago egongo da aurtengoan» eta horren adibide garbia izango da asteburua. Larunbatean, hilaren 4an, Joxe Ugartebururi omenaldia egingo diote. Hori horrela, herri kirol jaialdia antolatu dute. Egun horretan bertan herri bazkaria ere egingo dute. Dagoeneko txartelak erosteko eguna pasatu da baina antolakuntzako kideak esan duenez ,«txartelik erosi ez duenarentzat ere tokia eta jatekoa egongo da». Bestela, «Argindegi ostatuan primeran jan» ahalko dela ere esan du.
Arratsalderako umeentzako herri kirolak eta pony eta xexenak antolatu dituzte eta azkenik, iluntzerako su artifizialak.
Igandean, lasterketak izango dira goizean zehar. Haurren txanda izango da lehenengo eta ondoren, 11:30ean Izazpiko igoera egingo dute. Arratsaldean, berriz, herriatarren artean oso gustukoa den ekitaldia, desafio herrikoia. Bi taldetan banatu eta proba desberdinak egingo dituzte onenen bila. Jarraian, barrikotea Guraso Elkarteak antolatuta eta Batukadak girotuta.
Herriaren zaindaria
Maiatzaren 8an asteazkenean ospatuko dute San Migel eguna. Meza nagusia egingo dute lehenengo eta ondoren Argindegin luntxaemango dute. Arratsaldean haurrentzako jolasak, trikitilariak eta bertsolariak eta azkenik txokolatada izango dira.
Joxe Ugarteburu omenduko dute, bere neurrira egindako festan
Herriko semea den Joxe Ugarteburu aizkolaria omenduko dute Ezkioko San Migel festen barruan. Larunbatean izango da hori, maiatzaren 4an, 12.00etan hasita. Ugartebururekin batera kirol munduko aspaldiko hainbat lagun dira herri kirol erakustaldia egitekoak.
Kirol ibilbide luzearen ondoren, jaioterrian omenaldia egingo diote Ugartebururi. 63 urte ditu une honetan eta makina bat txapelketatan, apustutan eta erakustalditan parte hartutakoa da. Aurtengo San Migel festen antolakuntzan aritu den lan taldeko kideek adierazi dutenez, «Ezkion sekula omenaldirik ez zaio egin eta ideia hori aspalditik bueltaka» zeukaten , «ondo merezia duelako».
Hasiera batean, «omenaldi sorpresa» egin nahi ziotela ere esan dute baina azkenean, aizkolari beteranoarekin harremanetan jarri ziren antolakuntzak zeukan asmoa jakinarazteko. Ugarteburuk berak «oso ondo eta pozik» hartu duen zerbait da.
Lagunekin batera
Omenaldi borobila egin nahi diote ezkiotarrek eta horregatik, herri kirol munduko lagunak izango dira larunbatean Ezkion Ugartebururekin batera. Gainera ezkiotarrak berak ere parte hartuko du erakustaldian. Hasteko, Arria II.a, Jose Aierbe, Mikel Mindegia, Anjel Arrospide, Jabier Aranberri eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira aizkoran.
Ondoren, Esnaolak zutik jarritako enbor bat moztuko du, bost metroko garaieran. Gero, Atutxa eta Azurmendi, Vicente eta Larrañagaren aurka arituko dira. Bukatzeko, Jon Goenatxok harriak jasoko ditu