Etorkizuneko Zumarraga eraikitzeko bost ikuspuntu
PSE-EE, EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos eta PPk prest dituzte udal hauteskundeetarako programak eta hautagaiak. Mikel Serranok (PSE-EE) eta Begoña Pereirak (PP) errepikatu egingo dute. Josu Aztiria (EH Bildu), Josu Idigoras (EAJ) eta Ines Benitez (Elkarrekin-Podemos) aurrenekoz aurkeztuko dira.

Zumarragarrek bost hautagai zerrenda izango dituzte aukeran maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan. PSE-EEren eta PPren hautagaiak, aurreko bi hauteskundeetan bezala, Mikel Serrano eta Begoña Pereira izango dira. EH Bilduk, EAJk, Elkarrekin Podemosek, berriz, alkategai berrien aldeko apustua egin dute: Josu Aztiria, Josu Idigoras eta Ines Benitez.
EKONOMIA
Ekonomiari dagokionez, PSE-EEek Merkataritza Suspertzeko Plan Estrategikoa eta Singular Dendak marka bereizlearen aldeko apustua garatzen jarraitu nahi du. Horretaz gain, prestakuntzarako beken sistema bat, ekintzailetza laborategi bat martxan jarri nahi ditu. Baita larunbatetako azoka indartu, kontziliazioa errazteko laguntzak sortu eta gizarte bazterketa arriskuan daudenak lan munduan txertatzeko enpresa bat sortu ere.
EH Bilduk, berriz, emakumeak eta gazteak lan munduan txertatzeari emango dio lehentasuna. Horrekin batera, UGLE berrikuntza gune bihurtu nahi du eta ekonomia zirkularra eta osasun arloa bultzatu nahi ditu. Bestalde, ekonomia soziala bultzatu nahi du, erosketa publiko arduratsuarekin eta berrikuntza soziala bultzatzeko laborategi batekin (Kalebarren-Ipintzan). Azkenik, herriko moneta sortu nahi dute merkatariei laguntzeko.
EAJ-k lan mahai bat sortu nahi du. Mahai horretan jaurlaritzak, aldundiak, garapen agentziak, gizarte eragileek eta udalak parte hartuko lukete. Gainera, ekintzaileei eta merkatariei orain arte baino gehiago lagundu nahi diete.
Elkarrekin Podemosen helburua ekonomia zirkularra bultzatzea da. Gainera, gizarte eta ekonomia eragileen partaidetza sustatu nahi du industria bizi- berritzeko eta merkatariei laguntzeko. Langabeziaren eta prekarietatearen aurkako plan bat ere prestatu nahi du.
PPk herrian enpresa bat sortu eta herritarrei lana ematen dietenei zergak arintzea proposatu du. Merkatariek ere zerga gutxiago ordainduko lukete.
ONGIZATEA
PSE-EEk eguneko arreta zerbitzua martxan jarri nahi du, adinekoentzat. Faustino Orbegozo geriatriko zaharrean etxebizitza tutelatuak egin nahi ditu, aniztasun plana diseinatzeko asmoa du eta Urolako trenaren geltokian emakumeen etxea eta familia elkargunea egin nahi ditu.
EH Bilduk mertzedarien eremua herritarren eskura jarri nahi du. Bertan gazteentzako pisu komunitarioak eta adinekoentzako etxebizitza dotazionalak egin nahi ditu. Programan, familientzako laguntzak (eskolaz kanpoko jardueretarako) eta ikastetxeen arteko elkarlana bultzatzeko hezkuntza mahaia ere jaso ditu.
EAJk bazterketa arriskuan dauden pertsona eta kolektiboei zuzendutako zerbitzuak eta arreta bermatu nahi ditu; berdintasun, elkartasun eta gardentasun irizpideei jarraiki. Laguntzak zorrotz kudeatu nahi ditu. Gainera, kontziliazioa indartu nahi du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko.
Elkarrekin Podemosek udala herritarrei gerturatu nahi die eta Zumarraga feminista, sozial eta inklusiboaren alde lan egingo du. Etxebizitza duin baterako eskubidea eta herritarren babeserako politika publikoak defendatuko ditu.
PP biztanleriaren zahartzeagatik kezkatua ageri da eta adinekoen ongizatea bilatuko dutela agindu dute. Apartamentu tutelatuak egin nahi dituzte. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatuko dutela ere aurreratu dute.
KULTURA, KIROLA, EUSKARA
PSE-EEkoek jarduera erakargarriak eta kalitatezkoak antolatzen jarraitu nahi dutela diote. Baita elkarteei eta herriko artistei laguntzen ere. Euskarari dagokionez, herritarren eta administrazioaren arteko erlazioan hizkuntza nagusia izan dadin lanean jarraituko dutela agindu dute.
EH Bilduk mertzedarietan birika berri bat sortu nahi du: Eitza eta herrigunea konektatuz, asialdirako, kulturarako eta bizitzeko arnasgune bat sortu. Mertzedarien eliza kultura eskaintza garaikiderako eta kontzertuetarako baliatu nahi dute. Eta kirol azpiegituren azterketa egin, eskaintza zabaltzeko. Horretaz gain, plaza herritarren topagune bihurtu nahi du.
EAJk kultur arloko jarduerak bultzatu nahi ditu eta Zumarragako elkarte eta eragileei orain arte baino babes handiagoa eman nahi behar zailea uste dute. Jeltzaleek kultura eta euskara Zumarragaren nortasunaren bi ikur izan behar direla uste dute.
Elkarrekin Podemos koalizioak euskararen erabilera bultzatu nahi du, arlo pribatu eta publikoan. Kulturari dagokionez, eredu berri bat ezarri nahi du. Bere ardatzak hiru dira: kultura guztien eskura jartzea, aniztasuna errespetatzea eta kultur ekosistemaren jasangarritasuna bermatzea. Kirolari dagokionez, herritarrek kirola egitea bultzatuko dute eta horretarako erraztasunak emango dizkiete.
PPk kiroldegi berri bat egiteari lehentasuna ematen dio. Kiroldegi berri honek egungoak baino instalazio gehiago eta hobeak izan beharko lituzke, Zumarragako eta Urretxuko bizilagunen beharrei erantzuteko.
HIRIGINTZA
Hirigintza arloan, PSE-EEk goialdeko auzoetako irisgarritasuna hobetzen jarraitu nahi du. Baita GI-3632 errepidea bulebar bihurtu, elektrizitateko errekarga puntuak jarri, Euskadi plaza zaharberritu eta mugikortasun plana berritu ere.
EH Bilduk ere Euskal Herria hiribidea (GI-3632 errepidea) bulebar egin nahi du, Arcelorren lurrak berreskuratu nahi ditu, auzo guztiak konektatuko dituen bidegorri sarea egin, autobus elektrikoa jarri, trenbidea estaltzeko aukera aztertu eta egokiak diren eraikinetan eguzki plakak jarri.
EAJren helburuetako bat mugikortasun jasangarria bermatzea da. Horretarako, azterketa bat egin nahi dute eta ondoren hartu beharreko neurriak denen artean adostu. Besteak beste, aparkalekuekin arazo bat dagoela uste dute.
Elkarrekin Podemos koalizioaren helburuetako bat goiko auzoetan dauden mugikortasun eta azpiegitura arazoak aztertu eta konpontzea da. Horretaz gain, ArcelorMittal enpresaren eremua garbitu eta bertara enpresa berdeak erakarri nahi dituzte.
PPren helburuetako bat Alaska taberna ondotik pasatzen den errepidea zabaltzea da, bertan enbuturik sor ez dadin.