«Ongizatea erdigunean jarri nahi dugu»
Humanitateak-enpresan lizentziatua da eta Enpresen Lidergo eta Zuzendaritza Aurreratuan masterra du. Bere ibilbide profesionala ekonomia sozialarekin eta euskararen garapenarekin lotutako enpresetan garatu du, kudeatzaile bezala. Zintzo-Mintzo euskara elkarteko lehendakaria izan zen.
Ilusio handiarekin ageri da. «Jendeak oso harrera ona egin dit eta ilusio handia dut. Ardura da, baina ez nau beldurtzen. Gogotsu nago. Pozik. Sentsazio onekin».
Lan talde polita osatu dutela uste du. «Gaitasuna profesional handiko pertsonak ditugu. Herrian inplikatuak. Berdintasuna, aniztasuna eta euskara funtsezkoak direla oso barneratua dugu. Orain arte herriko elkarteetan egin dugun ekarpena, hemendik aurrera udaletxean egin nahi dugu».
Sei proiektu estrategiko dituzte. «Mertzedarietan aisialdirako, kulturarako eta bizitzeko arnasgune bat sortu nahi dugu; herritar guztiei trebatzeko aukera eman; plaza eta bere ingurua herritarren topagune bihurtu; Ipintza eta Kalebarren eremuan berrikuntza soziala bultzatzeko laborategia egin; arteria berde bat eraiki eta ehun soziala indartu. Ongizatea eta berdintasuna erdigunean jarri nahi ditugu. Zumarragaren komunitate sena indartu nahi dugu».