«Pertsonei laguntzea da nire erronka nagusia»
Ingeniaria da ikasketaz eta ibilbide politiko luzea du Zumarragako Udalean. Kultura zinegotzia izan zen eta 2008tik alkatea da. Lehen eguneko ilusioa du. «Indartsu sentitzen naiz. Ez dut ilusioa galdu. Oraindik gauza asko daude egiteko eta, nire esperientziari esker, badakit gauzak nola egin behar diren eta zein ate jo behar diren».
Zumarragaren alde dena emateko prest dagoela dio. «Duela hiru legealdi herriaren alde lan egiteko konpromisoa hartu nuen eta ordutik nire dedikazioa erabatekoa izan da. Ilusioaz gain, eskarmentua dut. Une zailak bizi izan ditugu, ArcelorMittalen itxiera adibidez, eta une zail horietan guztietan ikasitako guztia denen zerbitzura jarri nahi dut».
Bere erronka nagusia pertsonei laguntzea dela dio. «Pertsonak dira garrantzitsuena. Gazteei aukerak eman nahi dizkiegu, nagusien bizi kalitatea bermatu nahi dugu eta auzoak urbanizatzen jarraitu nahi dugu. Ez dugu erritmoa motelduko».
Horretaz gain, ArcelorMittalen lursailari erabilpena eman nahi diote. «Bertan enpresak ezartzea nahi dugu eta horretarako aukerak sortzeko prest gaude. Enpresa horietako batzuk ikerkuntza alorrekoak izatea nahi dugu eta bertako enpresekin lotutako unibertsitate gradu bat eman daiteke».