Herri nortasuna indartzeko Bonberia eraikina dantzari lotzea proposatu du Beasaingo EAJ-k
"Beasain herri bizia izan dadin" proposamenak aurkeztu ditu, Igartza Monumentu Multzoan.
Beasaingo EAJ-k “Beasain herri bizia izan dadin” proposamenak aurkeztu ditu, Igartza Monumentu Multzoan. Datozen lau urteetan, herri nortasunari lotuta, euskara eta kultura sustatzea eta kirol aukera berriak sortzea izango da EAJren lehentasuna. Aitor Aldasoro alkategaiaren esanetan, “gure helburua da gure nortasuna indartu eta balioan jartzea eta herritarrei aukera berriak eskaintzea kultur, kirol eta euskara alorretan Beasain herri bizia eta dinamikoa izan dadin eta proposamen zehatzak ditugu horretarako”.
Ekintza horien artean daude Bonberia eraikina dantzaren kokaleku bihurtzea, “euskal dantzaren tradizioa babesten jarraitzeko”. Proiektua dantza taldeekin landuko dute. Era berean, Arana kalearen eta Gipuzkoa plazaren artean eraiki nahi duten zubiarekin, “eremu guztia biziberritu eta eraldatzea” dute helburu jeltzaleek.
Elkarteekin elkarlana areagotzeko eta herriko taldeen kultur jarduera babesten jarraitzeko konpromisoa ere hartu du Aldasorok: “Kultur eskaintzen zabalduko dugu Igartza Musikaren Programaren baitan eta herriko jaietan pertsona helduentzako ekitaldiak edota guneak sortzeko aukera aztertuko dugu”.
Euskarari dagokionean, erabilera indartzen jarraitzeko “legealdi honetan abiarazitako ekimenek jarraipena izango dute: Hizkuntza Errefortzu Zerbitzua, Euskara Kirolean, Bikain Ziurtagiria, Udaleku itxiak… eta berriak jarriko dira martxan, kirolean egin bezala, aisialdian eragiteko eta udal barruan ere euskararen erabilera areagotzeko”.
Kirol eta aisialdirako aukera berriak
Kirolaren arloan, kiroldegian inbertsio berriak egitea proposatu du Beasaingo EAJk, “kalitatezko kirol espazioak eskaintzeko eta bereziki, erabiltzaileak goxatzeko: saskibaloi kantxa, futbol zelaiko aldagelak…”. Era berean, eremu berriak ere sortzeko asmoa azaldu dute: pump-track, paddle, tenis, squasherako espazioak. Igartza futbol zelaiko belarra aldatzeko urratsak ere egin dituzte. “Legealdi honetan kirol jarduera ezberdinak sustatu ditugu, hala nola, futbola eta bereziki, emakumeen Goierri Gorri taldea; saskibaloia, atletismoa, herri kirolak, aurki tiraketa, xakea…”. Horiekin batera, Euskadi Fundazioarekin eta Txirrindularitza elkartearekin, “txirrindularitza indartzea eta kirol hau praktikatzeko eremuak sortzeko aukera aztertzea da gure proposamena; eta udalaren babesarekin, herriko taldek martxan jarritako ekimenak, Motor Festa adibidez, babesten jarraitzeko borondate osoa dugu”.
Azkenik, herri nortasuna indartzeko “herri marka edota irudi korporatibo berria” sortzeko asmoa du EAJk, eta Beasaingo Ibilbideak egitasmoa martxan jartzea. “Herri erdigunearen eta landa auzoen arteko elkar ezagutza sustatzeko, eta gure eremu naturalak eta gure herria balioan jarri eta ezagutzera emateko ibilbideak sortzea aukera bikaina iruditzen zaigu, horiek APP berrian ere iragarri ditzakegu, gainera, herri marka berriaz lagunduta”.