Segurarrak EH Bilduko hautagaiari galdezka
Izarra Urdalleta EH Bilduren alkategaiak eta Eñaut Telleria orain arteko alkateak herritarren galderak erantzun dituzte.
Segurako EH Bilduk udal hauteskundeetako kanpainako ekitaldia egin zuen larunbatean. Formatu berezia aukeratu zuten: alkategaiari, Izarra Urdalletari, eta Eñaut Telleria alkateari galderak egiteko aukera eskaini baitzioten herritarrei. Axier Alustizak gidatuta, orain arte egindakoa eta egiteko asmoa dutena izan dituzte hizpide: martxan dauden obrak, datozen asteetan egin nahi dituzten obrak, parekidetasunean egindakoa eta egin nahi dituztenak, kultlur etxearen antolaketa, arlo sozialeko erronkak, Markesari buruzko harremanak eta aukerak…
EH Bilduk “talde berria, ideiak desberdinak eta freskotasuna” biltzen dituen taldea aurkeztu duela nabarmendu du. Izarra Urdalleta alkategaiaren esanetan, “obrak garrantzitsuak dira baina pertsona izan behar dugu ardatz. Parekidetasuna, eskolan arazoak dituzten haurrak laguntzea… garrantzitsuak dira, herri sano batek herritar sanoak behar dituelako. Pertsonak izan behar ditugu, segurarrak eroso, gustura eta aske bizi daitezen herrian. Horrelako pertsonez osatutako herri bat izatea nahi dugu Segura”. EH Bilduko alkategaiak batez ere, gazteengan jarri du arreta berezia: “Gazteena erronka handia da niretzat, eta ilusio berezia daukat horretarako. Gazteei entzun behar zaie, beraiekin elkarlanean aritu eta horri eman diot garrantzia”.