Aritz Egea, bederatzigarren Mont Blanc-eko maratoian
Aritz Egea mendi lasterkari urretxuarrak lan bikaina egin du Mont Blanc-eko mendi maratoian, 9. tokian bukatuta.
Atzo Golden Trail Series zirkuituko bigarren proba egin zuten: Mont Blanc-eko maratoia. Aritz Egea urretxuarra bederatzigarren postuan sailkatu zen. Proba Davide Magninik irabazi zuen. Emakumezkoen artean Ruth Croft nagusitu zen eta Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra bederatzigarren sailkatu zen.
Urretxuarrak sare sozialetan zabaldu duenez, “gozatzea” zuen helburu eta zentzu horretan, “pribilegiatua” sentitzen dela azaldu du, gustukoa duena eginez bizitzeko aukera duelako; hala adierazten du helmugan erakutsi zuen irribarre zabalak. Datorren larunbatean, Iñaki Maiorak 1978an Ordizia eta Txindoki artean jarritako marka ontzen saiatuko da Egea.