Anthony Matoto jokalaria fitxatu du Ampo Ordiziak
Tongakoa da, eta Espainiako Ohorezko Maila ondo ezagutzen du, Getxon, Alcobendasen eta Valladoliden jokatutakoa baita, besteak beste. Urtebeterako fitxatu du.
Ordizia Rugby Elkarteak gaur arratsaldean aurkeztu du Ampok Idiazabalen duen egoitza nagusian 2019-2020 denboraldirako egin duen lehen fitxaketa aipagarria: Anthony Matoto. Tongakoa da jatorriz, eta eskarmentu handia du Espainiako ligan.
2014an Getxok fitxatu zuen, eta han aritu zen hiru denboraldiz –ligan entsegu gehien lortu zuen jokalaria izan zen–, eta ondoren urtebete osatu du beste hiru taldetan: Alcobendasen, Inglaterrako Coventryn eta azkena, iaz, VRAC Quesos Entrepinaresekin, Valladoliden –aurtengo liga irabazi dute–.
Jon Txurruka Ordizia Rugby Elkarteko zuzendariak adierazi duenez, Matotoren nahia mailako oneko taldea batean jarraitzea zen, eta Ordiziako taldearen “atea jo” zuen. “Gure bideak gurutzatu egin dira. Guk liga oso polita egin dugu, jendeak hor ikusi nahi gaitu, eta guk ere hor jarraitu nahi dugu. Horretarako horrelako jokalarien beharra ere badaukagu”.
“Jokalari berezia, ikusgarria”
Postu askotan joka dezakeen jokalaria da Matoto. Txurrukak honela definitu du: “Jokalari berezia da, ikusgarria, erabakigarria, trebetasun ikaragarria du. Harmailetatik gustura ikusten den jokalari horietako bat da”. Tongakoa urtebeterako fitxatu du Ampo Ordiziak.
Matoto Getxon bizi da –hangoa du bikotea–, eta agurtzeko adina ezagutzen du euskara. Agur esanez hasiko du bere hizketaldia, eta eskerrik asko esanez agurtu da. Tartean inglesez aritu da: “Esperientzia berri bat biziko dut Euskal Herrian. Familia eta ni oso pozik gaude”. Bizitokiarekiko gertutasun horrek berealdiko garrantzia izan du Ordiziarekin fitxatzerakoan.
Jon Gorrotxategi Ampoko presidentearekin, eta Jose Luis De Castro eta Jon Txurruka Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritzako kideekin argazkia aterata amaitu da ekitaldia, Ampo Ordiziaren elastikoa soinean zuela.