310 erromes iritsiko dira Legazpira
Inaziotar Bidea egiten ari diren bost talde ailegatuko dira Legazpira datorren larunbatetik eta abuztuaren 12ra bitartean
Gero eta gehiago dira Legazpira Inaziotar Bidea egin bitartean iristen diren erromesak, are gehiago uda sasoian. Datorren larunbatetik abuztuaren 12ra arte 310 erromes ailegatuko dira Legazpira eta bertan hartuko dute ostatu.
Erromesak bost taldetan iritsiko dira. Madril, Valentzia, Lyon (Frantzia) eta Bolonia (Italia) hirietako erromes taldeak izango dira, hain zuzen. Bost taldeetatik lauk Andre Mari Jasokundearen parrokian hartuko dute ostatu. Bosgarren taldeko erromesek, aldiz, Urbeltz pilotalekuan egingo dute lo hura baita guztien artean talderik handiena: 125 erromes.
Udalak hala prestatuta, erromes guztiek Urbeltz frontoiko dutxak erabili ahalko dituzte Legazpin dauden bitartean.
Inaziotar bidea
Inaziotar bidea Loiolako Inaziok 1522an Urola eskualdeko udalerritik Manresara (Katalunia) egindako bidea errepikatzean datza. Guztira, 27 etapa hartzen ditu Euskal Herrian hasi eta Errioxa, Nafarroa, Aragoi igarota Kataluniaraino.