Ugandako gizatasunetik edaten
Eder Prietok (Legazpi, 1987) Cheer Up Uganda erakundea sortu du Olga Aguado bikotekide katalanarekin batera. Kooperazioa egin nahi zutelako iritsi ziren Ugandara, Afrikan.
Legazpin semearen proiektuari laguntzeko panpinak eskuz egin eta zozketa bidez zabaltzen ari da Maria Angeles Nuñez. Semea Eder Prieto da eta Olga Aguado bikotekidearekin batera Cheer Up Uganda gobernuz kanpoko erakundea sortu du. Proiektuaren sorrera eta nondik norakoa kontatu du orain 6-7 urte Lleidan (Katalunia) bizi den legazpiarrak. Ugandari buruz ere hitz egin du, «lanagatik ia mundu osoan zehar bidaiatu naiz, eta Ugandan sumatu dudan gizatasuna ez dut inon ere ikusi».
Prieto makinen muntaian aritzen da, industria elektromekanikoa da. Aguado bikotekideak kosmetika industrian lan egiten du eta hura ere munduan barrena dabil bidaiatzen. Biek Ugandan sortu duten proiektua Maltan bizi zirenean hasi zen: «Immigrazio asko dago han eta herrialde askotariko lagunak genituen, batez ere, Afrikakoak. Afrikak bereziki erakartzen zuen neska-laguna eta oporretan hango herrialderen batera boluntario gisa joatea erabaki genuen».
Boluntario joateko aukeren bila, Work Away webgunera harpidetu ziren. «Hilero kuota bat ordaintzen duzu eta aukeren zerrenda jasotzen duzu. Hainbat tokitara idatzi genuen eta denetan joateko gonbidapena egiten ziguten. Kaukasoar guztiok diruz lepo gabiltzala eta boterea dugula uste izaten dute. Ugandak erakarri gintuen gehien, haiekin hitz egin eta umezurtz-etxe batean laguntzeko hautua egin genuen».
Behin Ugandan, ordea, boluntariotzaren zentzua pentsatu baino bihurriagoa zela jabetu ziren: «Aurrez asko eskaini ziguten, baina behin han geundela dirua baino ez ziguten eskatzen». Orduko bizipenak kontatzeko, ipuin baten mamia balitz bezala, anaia zintzoaren eta gaiztoaren istorioa kontatu du Prietok: «Lehenengo anaia gaiztoa ezagutu genuen. Haien amak kaleko umeak jasotzen zituen eta 15 bat umerekin hazi ziren biak. Ama hil zenean proiektuarekin jarraitzea erabaki zuten. Anaia gaiztoak probetxua atera zion egoerari, zintzoak lan eta lan egiten zuen bitartean».
Anaia gaizto horrek eskolara eraman eta boligrafoak erosteko dirua behar zuela esaten zien edota autoa konpondu behar zuela… «Zerbaitek ez zuen funtzionatzen eta astebetean anaia zintzoarekin egotea lortu genuen. Hark benetan gertatzen zebilena kontatu zigun».
Ugandako proiektua
Kataluniara itzuli ziren eta Cheers Up gobernuz kanpoko erakundea sortzeko urratsak egin zituzten, «izapide zail eta astun asko egin genituen, den-denak gu bion artean, baina lortu genuen martxan jartzea». Lagunen ekarpenekin eta ekitaldiak antolatuta finantzatu dute orain arte. Egun, bi proiektu dituzte Ugandan: boluntarioentzako logela bat egiten ari dira umeak dauden gizarte etxearen alboan, eta hezkuntza proiektu bat daukate eskolarako.
Umezurtz-etxeak ixten ari dira Ugandan, asko direlako haietatik etekina atera nahi dutenak. Gauzak horrela, Prietok eta Aguadok Ugandako lankideei egoitza gizarte etxe izatea proposatu zieten eta hala funtzionatzen ari da: «Haurrek herrixkako amekin egiten dute eguna eta gizarte etxera joaten dira lotara; asteburuan adopzio-amak eta haurrak elkartzen dira gizarte etxean.
Katalunian antolatutako ekintzekin kontzertuak, adibidez eskolarako materiala eta lehorte garairako elikagaiak bidali dituzte eta hango lankideari ikasketak ordaintzen dizkiote. Ugandan ez bezala, Mendebaldean elkartasuna «gutxiesten» dela dio, «gertuko jendeak laguntzen digu, bestela zaila da. Gizatasuna galtzen ari gara, Afrika da gizatasunari eusten dion kontinente bakarra, badugu haiengandik zer ikasia».