Baionako Aviron taldeak irabazi du Euskal Errugbi Liga
Ordiziako Altamiran jokatu dira Euro Basque Rugby Challenge edo Euskal Errugbi Ligako azken partidak. Baionako Aviron izan da txapelduna, Miarritzeko Olympique bigarrena, Angelu hirugarrena eta Ampo Ordizia laugarrena.
Euro Basque Rugby Challenge edo Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioak badu irabazlea: Baionako Aviron. Ordizian jaso dituzte Baionako jokalariek txapeldun izendatzen dituzten txapelak eta kopa, Altamirako zelaian jokatu den azken partidaren ondoren. Izan ere, Goierriko lurretan erabaki da euskal errugbi ligaren sailkapena, Ordizian jokatu diren bi partiden ondoren. Goizean Baionak eta Miarritzek neurtu dituzte indarrak, eta lehenengoek irabazi dute, 17-10. Bigarren partida arratsaldean jokatu da, eta ordiziarrak erraz gailendu zaizkie Angeluko jokalariei, 50 eta 7ko emaitzarekin.
Gaur Altamiran jokatu diren bi partidek eta aurreko jardunaldietakoek kontuan hartuta erabaki da zein taldek irabazi duen liga. Hala, Baionako Aviron izan da txapelduna 9 punturekin; Miarritzeko Olympique bigarrena 6 punturekin; Angelu hirugarrena 5 punturekin; eta Ampo Ordizia laugarrena, beste 5 punturekin –aurreko jardunaldietan jasotako txartel gorri batek jaitsi du talde ordiziarra 4. postura–.
Guztira zazpi euskal taldek parte hartu dute lehen errugbi liga honetan, hegoaldeko lauk (Hernani, Getxo, Bera eta Ordizia) eta iparraldeko hiruk (Baiona, Angelu eta Miarritze). Liga gora beheratsua izan da, Miarritzeko G-7 gailurraren ondorioz hiru partida bertan behera gelditu zirelako. Horrekin batera, sailkapeneko parekotasunak azken jardunaldia formatu honetan jokatu dute, final bakarra jokatu ordez.
Mugaz gaindiko proiektu hau Eusko Jaurlaritzak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak bultzatu dute, hiru eremuetako errugbi federazioekin batera.