Agorreko Santikutz jaiek gutxi daukate festa txikitik
Bihar hasiko dira Legazpiko Santikutz txikiak. Sukaldaritza lehiaketan albondigak saltsan prestatuko dituzte 11 bikotek. Txosna gazteen esku egongo da
Agorreko Santikutzak Santikutz handien bertsio txikia direla esan ohi da, baina irailaren erdian jai nagusi gisa agertzen dira legazpiarren egutegietan. Bihar hasiko dira eta igandean amaitu. Hori da, akaso, txikiagoak direla erakusten duen alde bakarra: maiatzekoak baino laburragoak direla.
Kirolak beti dauka toki seinalatua egitarauan. Aurten ohiko ekintzak errepikatuko dira. Bizikleta festa, duatloi txikia eta Atletsimo Milia Herritarra klasikoak dira, eta klasiko bihurtzeko bidean da saskibaloi txapelketa. Danantzako bolatokia espazio nabarmena da Agorreko Santikutzetan; han arituko dira lehian Gipuzkoako bolariak nahiz Legazpiko haurrak.
LEK Legazpiko Erraldoi Konpartsak iraileko jaietan jokatzen duen rola ere azpimarragarria da. Etzi bi aldiz egingo dute alardea. Goiz eta arratsaldez aterako da Legazpiko konpartsa eta aurten gonbidatu dituztenak Añorga, Urretxu, Calaf (Bartzelona) eta Fraga (Zaragoza) dira. Haiekin guztiekin batera Legazpi, Urretxu eta San Adriango (Nafarroa) dultzaina jotzaileak aterako dira, baita Elutxa txaranga ere.
Sukaldaritza lehiaketaren 37. ekitaldia da aurtengoa. Hamaika bikotek parte hartuko dute eta guztien artean adostutako platera prestatuko dute: albondigak saltsan.
Legazpiko Txosna Taldeak kudeatuko du jaietako txosna Gazte Asanbladaren izenean eta Gaztetxearekin zein Goierriko Gaztetxe koordinadorarekin elkarlanean. Bihar, 19:30ean, festen txupinazoa botako dute Gaztetxean eta pintxopotea nahiz karro poteoa egingo dute txosnara bidean. Kontzertuak antolatu dituzte gauerako (23:00): Aitti Skalarai&La Rude Banda, Señor No eta John Dealer&The Coconuts. Etzi bazkaria egingo dute Gaztetxean txartelak salgai dauden han eta 17:00etatik aurrera txosnan mojito dastaketa eta kontzertuak egongo dira: arratsaldean Kilimak eta Elektrotxufla; gauean McOnak (plazan), Arraio eta Kontuz Erromeriya!.
EGITARAUA
Bihar, ostirala
· 16:30. Haurren bizikleta festa Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen eskutik, Euskal Herria plazan. Izen-ematea 16:00etatik aurrera, plazan.
· 18:30. LEK erraldoi eta buruhandi konpartsaren kalejira, Urolatarrak txarangarekin.
· 20:00. Bertso saioa: Ainhoa Agirreazaldegi eta Julio Soto. Legazpiko Bertso Olariek sustatu dute. Nafarroa kalean izango da.
· 21:30. Kantu afaria. Doinua musika eskolaren eskutik, Gernika plazan. Eguraldi txarra eginez gero, Azokan. Ogitartekoak eta edatekoak egongo dira.Etzi, larunbata
· 10:00. Haurrentzako bola txapelketa Danantzako herri bolatokian.
· 10:30. 9. Duatloi txikia Euskal Herria plazan.
· 11:00. 37. Sukaldari lehiaketaren hasiera Azokan.
· 11:30. Erraldoi Alardea.
· 14:00. Sukaldari lehiaketako sari banaketa Azokan.
· 15:30. 3×3 saskibaloi txapelketa herrikoia Euskal Herria plazan; eguraldi txarrarekin Azokan. Andraitz taldeak sustatu du.
· 17:30. Atletismoko 20. Milia Hiritarra Aizkorri kalean. Goierri Garaia taldeak antolatu du.
· 18:00. Erraldoi Alardea.
· 18:00. Telleriarteko talogileak pilotalekuko arkupeetan.
· 18:30. Dantza emanaldia Euskal Herria plazan, eguraldi txarrarekin frontoian.
· 23:30. Kontzertua: McOnak. Plazan.Irailak 15, igandea
· 09:00. Diana Goiz Deiako txistularien eskutik.
· 09:00. Legazpiko XIII. Argazki Rally Digitala. Batis Goikoetxea Memoriala. Izen-ematea kultur etxean 09:00etatik 10:00etara.
· 10:00. Probintzia mailako bola txapelketa Danantzako herri bolatokian.
· 10:30. Hamaiketakoa Gorostiaga mendian.
· 11:00. Meza Gorostiagan.
· 11:45. Erromeria Gorostiagan Goiz Deiako txistulariekin.
· 16:00. Herri mailako plater tiraketa Urtatzazar tiro zelaian. Antolatzailea: Tiro Olinpiko elkartea.
· 17:30. Zezenak eta poniak Euskal Herria plazan.
· 19:00. Legazpiko Musika Bandaren kalejira herrigunean.