Kanpaina hotza epeldu nahian
Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen oihartzunak iritsi dira Goierrira ere, nahiz eta giroa ez den askorik berotu. Alderdi abertzaleek ekitaldi bana antolatu dute datozen egunetarako.
Kanpainari ekiten goiztiarrena EH Bildu izan da, ostiralean bertan egin baitzuen aurreneko ekitaldia Ordizian. Besteak beste, Maialen Iriarte bozeramailea eta Mertxe Aizpurua hautagaia izan ziren Barrenan, Goierriko hainbat ordezkari politikorekin batera. Kanpainako lehen ekitaldiak “indarberritu” egin dituela diote, eta igandean botoa ematera joateko deia egin diete herritarrei: “argi dago euskal subiranistak ez gaudela datozen hauteskundeetan etxean geratzeko prest”.
Gaur berriz, EAJko kideak Goierrin izan dira bisitan; goizean Beasaingo azokan izan dira Maribel Vaquero eta Iñigo Barandiaran hautagaiak. Eguerdian berriz, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan ibiliko dira. Bihar gainera, mitina egingo dute Beasainen, Andoni Ortuzar bozeramailearekin eta Aitor Esteban hautagaiarekin.
PSE-EEk oraingoz ez du ekitaldirik egin eskualdean, baina larunbatean, larrosak banatzen aritu ziren Zumarragako azokan.
Datozen egunetarako, ekitaldi gehiago ere deitu dituzte alderdi nagusiek:
Azaroak 6, asteazkena:
- Beasain. EAJren mitina Beasainen, Andoni Ortuzar eta Aitor Estebanekin. 19:30ean, Gernika pasealekuko pilotalekuan.
- Urretxu-Zumarraga. EH Bilgunearen irekiera ekitaldia eta Oihana Etxebarrietarekin solasaldia. 19:00etan, EH Bilgunean.