Ostegunean zabalduko dute Ehunmilak probarako izen-ematea
Arratsaldeko bostetan zabalduko dute Ehunmilak, G2H eta MariMurumendi probetan izena emateko aukera. Azken bi probetan, berrikuntzak izango dira izena emateko moduan.
Ehunmilak probaren 11. edizioak badu data; 2020. urteko uztailaren 10, 11 eta 12an jokatuko da. Eta aste honetan bertan zabalduko dute izena emateko epea. Antolakuntzak jakinarazi duenez, 17:00etan jarriko dute martxan, Ehunmilak.com eta Rockthesport.com webguneetan. EHM ultratraileko izen-ematea aurreko edizioetan bezala egingo da, baina G2H eta MariMurumendi probei dagokionean, hainbat berrikuntza egin dituzte.
Ehunmilak Ultratrailan parte hartu nahi dutenek, datuak bete eta ordainketa egin beharko dute; ondoren, ziurtagiria bidaliko dute e-mailez, eta azkenik, norbere izena Rockthesport.com webguneko partehartzaileen zerrendan agertzen dela ziurtatu beharko da. Izen-ematea erabat ontzat emateko, eta horrenbestez dortsala izateko, mediku eta gaitasun txostena ere bidali beharko da, izena emateko epea bukatu aurretik.
G2H eta MariMurumendi proben izen-emateari dagokionean datoz berrikuntzak. Horiek era Ehunmilak.com eta Rockthesport.com webguneen (G2H eta MMM) bidez egin beharko dira. Prozesu osoa bukatutakoan, “itxaron-zerrendan amaitu” botoia sakatu behar da, eta segidan iritsiko da ziurtagiria. Izen-emate ordenaren arabera, itxarote zerrenda bat osatuko dute, izena eman duten korrikalari guztiekin. Izena eman eta berehala jakin ahal izango da itxarote zerrenda horretan zein postutan dagoen norbera. Azaroaren 7an, arratsaldeko 18:00etan itxaron zerrendako lehen 500 tokietan (G2H) eta lehen 250etan (MMM) dauden korrikalariak pasako dira izena emandakoen zerrendara. Zerrendan daudenek, e-mail bidez jasoko dituzte ordainketa egiteko argibideak, eta 72 orduko epean sartu beharko dute dirua. Hori egin orduko, behin betiko zerrendara pasako dira.
Antolakuntzak, izena emateko azalpen guztiak biltzen dituen bideoa ere zabaldu du: