ELAk, Steilasek, CCOOk eta EHIGEk fiskaltzara eraman dute Ordiziako matrikulazioen kasua
Sindikatuen arabera, "irregulartasun larriak" jasotzen dituen txostena aurkeztu dute. Eusko Jaurlaritzari, gizarteko aniztasuna "modu desorekatuan banatzea posible egiten duten politikak" aurrera eramatea egotzi diote.
Joan den irailean iragarri zuten moduan, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek eta EHIGEk fiskaltzara jo dute, Ordiziako matrikulazio kasuan izandako ustezko irregulartasunak salatzeko. Sindikatuen arabera, “irregulartasun larriak jasotzen dituen txostena” erregistratu dute, “justiziak bere lana egin eta legearen betearazpenean esku” har dezan.
ELAk, Steilasek, CCOOk eta EHIGEk kaleratu duten oharraren arabera, “gure gizartea gero eta anitzako den honetan, EAEko ikastetxeetan aniztasun hori modu desorekatuan banatzea posible egiten duten Eusko Jaurlaritzaren politikak” salatu nahi izan dituzte horrela. “Ezberdintasunei aurre egiteko beharrezko baliabideak bideratu beharrean, isileko pribatizazioa indartzen duten erabakiak” hartzea leporatu diote Jaurlaritzari. Eta beraien helburuak lortzeko, “politika bidegabeez gain, prozedura irregularrak” ere erabili izana salatu dute.
Horren guztiaren aurrean, “bidezko eta kalitatezko hezkuntza sistema” bermatzeko balio ez duten erabaki eta ekintzen aurrean “tinko” erantzungo dutela aurreratu dute, “behar diren neurri eta mobilizazioak” aurrera eramanez.