Hondakinak murrizteko ahalegina Ordizian
Ordiziako Udalak bat egin du Europa mailan egingo den hondakinak murrizteko astearekin. Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta gaikako bilketan sakontzea dira helburu nagusiak.
Europako hondakinen murrizketa astea ospatuko da Azaroaren 22ra bitarte, eta Ordiziako Udalak bat egin du ekimenarekin. Adur Ezenarro alkateak «hondakinen murrizketa sorreran eta diseinuan, produkzioan eta banaketa fasetan burututako jarduera multzo bat bezala» ulertu behar dela nabarmendu du, «hondakinak ez sortzeko, substantzia kaltegarrien kopurua murrizteko edo gizakiengan eta ingurumenean inpaktuak gutxitzeko».
Ordizian, hiru helburu zehaztu dituzte: hondakinen murrizketa, hondakinen berrerabilpena eta gaikako bereizketa. Alkateak gogorarazi du «2019an hondakinen sorrera %7» murriztu dela Ordizian, «baina oraindik ez da nahikoa».
Trikegunea, besteak beste
Helburuak lortze aldera, edozein herritarrek egin ahal izateko proposamenak egin ditu udalak. Batetik, auzokonposta egitea. Ordizian bost konpostagune daude eta 58 familiak parte hartzen dute.
Berrerabilpena ere proposatzen dute eta hori ardatz hartuta, Trukegunea jarri dute udaletxeko arkupean. Herritarrek, erabiltzen ez dituzten objektuak utzi ahalko dituzte han eta beste norbaitek utzitakoa har dezakete.
Gaikako bilketa «%78an» dago oraintxe. Helburua «85%era iristea» dela esan du Ezenarrok.