Ingudeak goierritar guztiei zabaldu die Euskararen Eguneko lehiaketa
Goierriko lantegien euskara batzordeak lehiaketa berri bat antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunari begira. Aurten, taldeko enpresetako langileek ez ezik, goierritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Ingudea Goierriko lantegien euskara batzordeak, lehiaketa antolatu du, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Azken urteetan ere egin izan du lehiaketa Ingudea osatzen duten lantegietako langileen artean; aurten, ordea, lehiaketa goierritar guztiei zabaltzea erabaki dute. Parte hartzeko, lehiaketaren webgunean sartu eta euskarari eta Goierri eskualdeari buruzko galdera sorta bat erantzun behar da.
Azaroaren 30rea arteko epea dago parte hartzeko. Galdera guztiak asmatzen dituztenen artean, bi lagunentzako otordua zozkatuko dute, eta partehartzaile guztien artean, Errigora egitasmoko saski bat.
Zortzi urtez, euskara lanabes
Ingudea Goierriko lantegien euskara batzordea 2011. urtean sortu zuten; CAF, Ederfil-Becker, Eredu, Estanda, Ezarri, Goieki, Goilaser, Irizar eta Orkli dira bertako kide. Zortzi urteotan, “euskara lanabes hartuta, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak” ematen ari dira batzordea osatzen duten enpresak eta bertako langileak.