Lazkaok ere badu musika banda
Irailean sortu zuten Lazkao Txiki Musika Eskolan banda. 30 bat musikarik osatzen dute, ikasle zein herritar helduago. Estreinako emanaldia bihar egingo dute, Santa Zeziliako kontzertua.
Txaranga bada, gazteen rock taldeak ere badira, ikasleen konboak ere sortu zituzten. Baina orain arte Lazkaok ez du musika bandarik izan. Bihar arte. Estreinako kontzertua bihar egingo baitu Lazkao Txiki Musika Eskolatik sortu duten banda berriak. Santa Zezilia egunaren bezperan ohi duen bezala, ikasleen kontzertuak antolatu ditu eskolak, plazan. Bi oholtza jarriko dituzte, udaletxe barrenean bat eta frontoian bestea. Txandaka joko dute. Tartean, bandak.
Irailean ekin zion ibilbideari Lazkaoko Musika Bandak. Izen horixe jarri diote, oraingoz. Eneritz Jauregi da bultzatzailea eta zuzendaria, musika eskolako zuzendaria ere badena gaur egun. «Musika eskolan ikusten genuen haize instrumentuek ez zeukatela irteera handirik. Gitarrekin eta pianoekin badauzkagu konboak eta beste formazio batzuk, baina haize tresnak zintzilik-edo geratzen ziren», azaldu du Jauregik, biharko estreinaldiaren aurreko azken entsegua bukatu ostean.
Hala, haize tresnak dira bandaren gorputza eta arima: saxoa, saxo tenorea, tronboia, bonbardinoa, klarineteak eta zeharkako txirulak. Baxuaren funtzioa teklatuarekin ordezkatzen dute, eta perkusiorako bateria eta beste perkusionista bat ere badute.
Adin askotako musikariak
Denera 30 bat kidek osatu dute Lazkaoko Musika Banda. Musika eskolako ikasleak dira asko, baina ez denak. «Ikasleekin bakarrik ezin genuen banda osatu, eta herriari zabaldu genion deialdia. Zorionez, herriko partaide asko animatu dira, eta horri esker egin ahal izan dugu aurrera», aitortu du Jauregik.
Oraingo ikasleez gain, garai batean ibilitakoak, musika aspaldian jo gabe egon baina berriro animatu direnak, kanpotik bizitzera etorritakoak… Denetik batu da bandara. Adin askotako musikariak daude. «Eta horixe da polita, azkenean. Banda batean, batak besteari erakusten dio, edonorengandik ikasten da».
Esperientzia eta ibilbide luzea du Eneritz Jauregi zuzendariak bandetan. «Txiki-txikitatik nabil banda munduan, eta batetik bestera asko pasatu ditut. Zuzendari bezala, Azkoitian eta Getarian ari naiz, eta orain Lazkaon. Musikari bezala, berriz, Hernaniko bandan eta deitzen didaten guztietan. Orkestra modura jada, Arrasatekoan ere bai».
Errepertorioa ugaritzen ari dira, eta kontzertu atsegina eta musikalki jasoa eskaintzeko mailara iritsi da Lazkaoko banda, bi hilabete eskasean. Bihar entzun ahalko da emaitza.
Edozeinek parte har dezake bandan, irekia baita. «Baten bat animatzen baldin bada, etor dadila lasai, denentzat dago lekua eta». Entseguak astelehenetan 19:45etik 21:00etara egiten dituzte, kultur etxean.
Ikasgela birtuala musikan
Beste berrikuntza baten berri ere eman du Lazkao Txiki Musika Eskolak: Musika ikasgela birtuala. Metodologia berria da, eta hizkuntza musikaleko hastapaneko haurrekin aplikatu dute.
«Egungo ikasketa metodo eta ohituretara egokitutako programazioa da, gailu elektronikoei lotuagoa. Jolastuz ikas dezake ikasleak, klasean zein etxean». Jatorriz Valentziakoa den arren, euskaratuta dago.