AHTren kontrako protestak, ziklo krosa eta futbol derbia
Abiadura Handiko Trenaren lanak egiten ari ziren, duela 15 urte, Goierriko hainbat zatitan, eta protesta ugari egin zituzten proiektuaren kontrakoek.
2005a urte beroa izan zen Abiadura Handiko Trenaren lanei eta protestei zegokionean. Goierriko hainbat zatitan ari ziren lanak egiten, eta beste batzuetan berehala hastekoak ziren. Proiektuaren aurkako AHT Gelditu Elkarlanak deituta, protesta ugari egin zituzten hilabete haietan. Gaurko egunez, esaterako, bizikleta martxa egin zuten Goierrin barrena; Legazpitik abiatu eta Beasainera iritsi ziren, trenaren ibilbidetik. Hainbat udaletan, AHTren kontrako mozioak aurkeztu zituzten, eta Urretxu-Zumarragan ere, elkarretaratzea egitekoak ziren.
Kirol arloan, Idiazabalgo Ziklo-Kros proba jokatu zuten. Elite mailan, Van der Linden eta Naia Alzola izan ziren garaile. Zugaitz Ayuso itsasondoarra faboritoen artean zen, baina ez zuen egun ona izan, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Gazteetan berriz, etorkizun handiko bi txirrindularik, Garikoitz Bravo lazkaotarrak eta Ana Usabiaga ordiziarrak garaipen bana lortu zuten.
Futbolean berriz, Ordiziak eta Urolak derbi goierritarra jokatu zuten Altamiran. Urretxu-Zumarragakoak 0-2 nagusitu ziren, Caballerok eta Abilak sartutako gol banari esker. Partida beroa izan zen, eta epaileak zeresan ugari eman zuen, 10 txartel atera baitzituen. Urolakoentzat “loteria tokatzea bezalakoa” izan zen garaipen hura, Ordizia lehen postuetako borrokan zebilen bitartean, beraiek sailkapeneko azken postuetan murgilduta baitzebiltzan.