Ander Gonzalez sukaldaria eta Arrastaka Mendi Taldea, odolkiaren ohorezko kofrade
Beasaingo Odolkiaren Kofradiak otsailaren 5ean egingo du urteroko ekitaldia, Loinazko San Martin Egunean. Beasaini eta bertako odolkiari egindako ekarpena eskertu nahi diete Gonzalezi eta Arrastakari.
Ander Gonzalez sukaldaria, telebista aurkezlea eta dibulgatzailea eta Arrastaka Mendi Taldea –Ehunmilak Ultra Trailaren antolatzaileak– izango dira Beasaingo Odolkiaren Kofradiako ohorezko kide berriak. Otsailaren 5ean omenduko dituzte, Loinazko San Martin Egunaren harira kofradiak antolatu duen 35. kapituluan.
«Beraien lana eta ekarpena aitortu nahi dugu», azaldu du Martin Urkiola kofrade kideak. «Gonzalezek odolkiarekin lan asko egin du, eta ezagutarazi egin du. Arrastaka Mendi Taldeak, berriz, Beasainen mesedetan lan handia egiten du urte guztian zehar».
«Ez da lan erraza ohorezko kofrade kideak izendatzea. Beasaini eta Beasaingo odolkiari ekarpen bat egin dion norbait izan behar da, eta buruari eragin behar izaten diogu», aipatu du Urkiolak.
Odolkia eta gazta
Loinazko San Martin egunean bakarrik ez, bezperan ere izango da odolkiarekin lotutako ekintzarik. Izan ere, Idiazabal gazta eta odolkia uztartuko dituen ekitaldi gastronomikoa antolatu dute otsailaren 4rako. Ordiziako gaztaren kofradiak eta Beasaingo odolkiarenak elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da, bi herrien arteko zubiak eraiki nahi dituena.
Beasaingo Odolkiaren Kofradiako Martin Urkiolaren esanetan, “lehen edizioa izanda, eta espazioa mugatua denez, 50 lagunentzako” prestatu dute ekitaldia. 19:30ean izango da, Igartza jauregian, eta parte hartu nahi dutenek, aurrez eman behar dute izena. Horretarako, 666 387 407 telefono zenbakira deitu edo Dolarea Hotelera jo behar da.
Dastaketa gidatua egingo dute, eta Iban Mate sukaldariak, pi produktuak uztartzen dituen pintxo bat prestatuko du. Iñurrieta upategiko arduradunek, ardoaren inguruko aholkuak ere emango dituzte, eta odolkiarekin nahiz gaztarekin edateko ardorik onenak zein diren azalduko dute.
Eguna bukatzeko, adiskidetasun bazkaria ere egingo du Odolkiaren Kofradiak. Txartelak 55 euroan jarri dituzte salgai, Plazape tabernan, Dolarea Hotelean eta Xerbera jatetxean. Txartelak otsailaren 1erako erosteko eskatu dute antolatzaileek, antolaketa lanak errazte aldera.