Apaolaza Autobusak enpresak babestuko du Eire xake txapelketa
Txapelketa igande honetan hasiko da, 16:00etan. Dagoeneko 36 xake jokalarik eman dute izena. Parte hartu nahi dutenek Urretxuko Eire tabernara deitu behar dute
Urretxuko Eire tabernako xake txapelketak babesle berria du: Apaolaza Autobusak enpresa. Txapelketa entzutetsu honek 20 urte ditu dagoeneko, baina desagertzeko zorian egon da orain arteko babeslea galdu duelako. Aurrerantzean Eire-Apaolaza Autobusak deituko da.
Aurtengo edizioa igande honetan hasiko da. 16:00etan taldeak zozkatuko dira eta ondoren Urretxuko eta Zumarragako Goierri eta Legazpiko Santikutz taldeen arteko derbia jokatuko da. Astelehenetik aurrera txapelketako partidak jokatuko dira. Parte hartu nahi dutenek Eire tabernara jo behar dute edo 635 720 215 zenbakira deitu.
Txema Iriberri, tabernako nagusia eta txapelketaren antolatzailea, esker oneko ageri da. «Aurreko babesleak oso berandu esan zigun herrietako ekitaldiak babesteari utzi behar ziola. Hori dela eta, txapelketa antolatzeari utzi beharko niola uste nuen. Apaolaza Autobusak enpresak xakearen alde gehien egiten duen jokalariari dagokion saria eman izan du eta Josu Apaolazari deitzea bururatu zitzaidan. Baiezkoa eman zidan eta eskerrak eman beharrean nago. Izan ere, txapelketak dirudiena baino gastu gehiago ditu».
Izen ematea zabalik da. Dagoeneko 36 jokalarik eman dute izena. «Dagoeneko iaz baino jokalari gehiagok eman dute izena. Parte hartzaileen artean Jesus Mari Rodriguez zaldibiarra egongo da, txapelketa hau gehiagotan irabazi duen jokalaria. Manex Regillaga eta bere aita ere etorriko dira. Elorriokoak dira eta Manexek duela bi urteko edizioa irabazi zuen, 12 urterekin. Aurreko urteetako irabazle gehiago ere etorriko dira. Jokin Fernandez beasaindarra, adibidez. Markel Vesga legazpiarra, berriz, txapeldunordea izan zen iaz, 12 urterekin».
Txapelketa entzutetsua
Eire-Apaolaza Autobusak txapelketa zaleen oso gustukoa da. Izan ere, Eire tabernan xake giroa bizi da. Gainera, jokalariek partiden eguna eta ordua arerioarekin adosteko aukera dute.
Torneoa Iriberrik jarri zuen abian. Urretxuar hau umetatik da xake zalea. «Nire bizitzan egin didaten opari onena umetan oparitu zidaten xake taula da. Liburu baten laguntzarekin ikasi nuen jokatzen». Xakearekin lotutako zigiluen bilduma du eta joko honi buruzko ipuinak idatzi ditu. Horietako batekin saria irabazi zuen Zumarragan antolatzen zen ipuin lehiaketan.
Oso gaztetan hasi zen ostalaritzan. Garai batean Zumarragako geltokiko tabernako nagusia izan zen. Bezero batzuk ere xake zaleak ziren eta haiekin jokatzen zuen. Eire taberna ireki zuenean taula batzuk jarri zituen bezeroek jokatzeko aukera eduki zezaten. 1999an Eire txapelketa antolatu zuen lehenengoz.
Txapelketa hau berehala egin zen ezagun, giro onagatik eta bere inguruan zeresan handia eman zuten ekitaldiak antolatu zirelako. Ekitaldi sonatuena 2009koa izan zen: Ruslan Ponomariov munduko txapeldun ohiak zortzi partida jokatu zituen aldi berean begiak itxita eta guztiak irabazi zituen. Aurten Euskadiko federazioko lehendakariak hitzaldia egingo du.