Hotzari aurre egiteko bikotea
Gazta urdina eta nafar ardoa eskaintza berriak, lehen ardi gaztak poliki azaltzen hasiko direneko garai berean. Mediterraneo aldeko denboraldiaren ondorioak nabaritu dira.
N eguko feria giro ona «hotz sanoa», 5 gradu 07:30ean. Hemengo barazkietan eta frutetan garaikoari tiraka, aparteko nobedaderik ez. Landaretan tipulina: gorria eta zuria, «ondo saltzen da, ilbeheran izanik hobeto gainera».
Kanpokoetan berriz, Mediterraneo aldeko denboraldiaren ondorioa honaino iritsi da modu batera edo bestera eta Ordizian produktuen prezioan antzeman da. Koxka bat garestiago salgai ziren gehienak azalore, kalabazin, brokoli eta abar. Galera ere handia izango dela begi bistakoa da.
Olaberriko gazta urdina
Ekoizle etxe batetik beste batera egin du salto Judit Gartziak. Bargotan (Nafarroa) jaioa Olaberriko Etxeberri Goikoan da aspalditxo. Behiak dituzte bertan eta gazta mota ezberdinak egiten dituzte. Behieko izenarekin merkaturatzen dituzte hiru baserrien artean ekoiztutako behi produktuak. Atzo, Olaberrin egindako gazta urdina ekarri zuen Juditek. «Probatzen aritu gara eta ia hemen da lehena. Penicillium roqueforti onddoak ematen dio duen urdinxka kolore hori eta gustu berezia. Gainerako gaztak baino prozesu luzeagoa du honek hiru hilabete behar dira gazta moldetan sartzen denetik puntu honetara iritsi arte. Beraz hauek bukatu eta hurrengoak ekarri artean hutsune bat izango dugu baina ia egonkortzen bidean gara». 23 euroan kiloa, gazta zaleek gustura hartu dute.
Eta zer esanik ez ondoan dituen ardoekin lagunduz gero. Jatorriz Bargotakoa da Judit. Han aitonarengandik datorkio familiari mahatsarekiko lotura. «Aitonaren mahastiei segida osabak eman zien, gero gure anai-arrebek aspaldikoei berriak ere erantsi eta Biurko ardoa egiten dugu». Bodegak berak Biurko gorri izena du. Ekologikoa da eta Nafar Errioxako eremuan sartua da. 5 ardo mota ditu aukeran: zuria eta lau beltz mota, urtekoa, erdi-ondua, ondua eta erreserba. 4 eta 8 euro artean salgai. 08:30ak aldera hantxe Ordizian aurkituko dugu udaletxetik igo orduko eskubi aldera joz ilarako lehen postua.
Gazta berria
Bestalde ofizialki ardi gaztaren denboraldia apirilean egingo den ekitaldian aurkeztuko bada ere, gazta berriren bat edo beste badu jadanik Itziar Arizmendik. Eskaintza handitu ahala emango dugu honen berri ere.