«Ikasten jarraitzea, nire tokia egitea eta ilusioz jokatzea da helburua»
Alaves futbol taldeak fitxatu du Saioa Martinez de Olkoz eta denboraldi amaiera arte sinatu du kontratua. Lehen minutuak jokatu ditu dagoeneko eta gogotsu dago zaletuek ezagutu dezaten.
Saioa Martinez de Olkoz (Ordizia,1999) fitxatu du Alaves futbol taldeak. Realean jokatu du azken urte eta erdian. Orain «ilusioz beterik» dago erronka berriaren aurrean. Luze eta zabal mintzatu da orain arteko kirol ibilbideaz eta etorkizun hurbilaren inguruan.
Zer moduz erronka berriaren aurrean?
Oraindik aldaketa barneratzen, baina oso gustura! Alavesen egingo dudan denborak, ikasteko asko balioko dit. Maila oso altuan lehiatzen ari diren jokalariak daude, esperientzia handikoak. Lehenengo mailan debutatu duten taldekideak daude tartean. Profesionalki eta pertsonalki oso ona izango da niretzat, ziur nago!
20 urte dituzu baina ibilbide luzea futbolean.
Sei urterekin Seguran hasi nintzen, nire betiko lagun onenarekin batera. Orduko entrenaitzailea Ordiziakoa zen eta hark animatuta joan ginen. Mutilekin batera jokatzen genuen. Fisikoki gehiago baziren ere ez nintzen atzera bota. Futbolaren oinarriak barneratzeko baliatu nuen.
Ondoren Ordizian jokatu zenuen.
Pauso handia izan zen. Neska taldea genuen eta urte batzuk pasa nituen han. Kadete mailan nengoenean, nagusien taldean sartzeko proposamena egin zidaten. Urtebetez jokatu nuen maila horretan.
Ordiziatik, nora joan zinen?
Añorgara, baina hori baino lehen, Euskal Selekziotik deitu zidaten. Urte betean jokatu nuen selekzioarekin. Espainiako selekzioak ere deitu zidan beranduago.
Ordiziatik, Añorgara joan nintzen, bigarren mailara. Iritsi nintzenean 15 urte ere ez nituen, oso gaztea nintzen, beraz bigarren taldean sartu ninduten. Euskal Ligara igotzea lortu genuen.
Añorgan nengoela, bigarren denboraldian, 15 urteak beteta, bigarren mailan jokatzen duen taldera pasa ninduten. Ahal izan nuen guztia eman eta asko ikasi nuen. Futbol jokalari bezala hazteko asko balio izan zidan.
Realera zoaz ondoren.
Hori da. Lehen taldearekin aurredenboraldia egina neukan. Ligako partida batzuk ere jokatu nituen haiekin baina batez ere bigarren taldean aritu naiz, bigarren kapitaina nintzen. Urte eta erdi egin dut Realean, baina azkenaldian, ez negoen guztiz gustura.
«Ekaina iristean, Realak izango du
lehen hitza, baina hori urruti dago»«Maila handiko jokalariak daude eta
haien artean tokia egitea, ez da erraza»
Konpetentzia handia?
Lehenengo mailan debutatzea ez da erraza. Lortu, lortu nuen. Baina maila handiko jokalariak daude eta haien artean tokia egitea, ez da erraza.
Eta zuk entrenatu bai, baina partidak nahi dituzu.
Hala da! Futbola benetan gustuko duenak, partidak jokatu nahi ditu. Emakumezkoen futbolean gainera, baldintzak ez dira gizonezkoenak bezalakoak, beraz, arrazoi gehiagorekin.
Momentu oso gozoak bizitzeko aukera ere eman dizu Realak. Kopa irabazi zenuten.
Urduritasun handiarekin bizi izan nuen. Esperientzia bezala, oso polita izan zen. Garaipena eskuratzea handia da eta ondoren etorri zen guztia ere itzela. Herri askotan egin genituen ekitaldiak, emakumeen futbolak interesa piztu zuen jendearengan eta gaur-gaurkoz, jendea gerturatzen da.
Baina minutu faltagatik, Realari beste talde bat bilatu ahal izateko eskaera egin zenion.
Bai! Ilusioa berreskuratu nahi nuen. Realak esan zidan, Alavesek interesa zuela eta neguan, han has nintekeela. Bi klubek negoziatu, adostasunera iritsi eta aukera ona zela iritzita, baiezkoa esan nien.
Nolako harrera egin dizute Alavesen?
Oso ona! Entrenatzailea ezagutzen nuen. Añorgan jokatu nuenean, San Inazio entrenatzen baitzuen. Taldekideen kasuan ere, batzuk asopaldiko ezagunak dira. Añorgan eta selekzioan ezagututakoak, hain zuzen. Gustura sentitzen naiz, babestuta.
Lehenengo minutuak ere jokatu dituzu kamiseta berriarekin.
Egun bat entrenatuta, entrenatzaileak konfidantza izan du nigan eta azken 20 minutuak jokatu nituen Athletico Madrilen kontra. Egokitzapen fasean nago, talde berri batera iristean ohikoa da. Erritmoa nabarmen altuagoa da, Alavesen jokoa ondo barneratuta duten esperientzia handiko jokalariak daude. Hala ere, ederki sentitu nintzen zelaian.
Posizioa, ezker hegalekoa, nortasun handiko jokalaria zara.
Hala diote! Posizioaren bueltan, entrenatzailearekin hitz egin dut. Posizio ia guztietan jokatu dut, baina kontua da, futbolean hasi nintzenean, aurrelari postuan jokatzen nuela: korri egiten eta golak sartzen. Euskal Selekzioko entrenatzaileak esan zidan, abiadura handiko jokalaria naizenez, ederki moldatuko nintzela hegalean. Espainiako selekzioarekin, berriz, hegaleko postuan jokatu nuen. Kosta zitzaidan, ez uste!
Orain, gure kapitaina lesionatu egin dela eta, erasoan, motz gaudenez, prest agertu naiz aurrean jokatzeko. Baina entrenatzaileak du azken hitza.
Zein helburu finkatu duzu Alavesen egon bitartean?
Ikasten jarraitzea, nire tokia egitea eta ilusioaz jokatzea.
Ikasten jarraitzea aipatu duzu sarritan. Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Txikitatik Realaren jarraitzailea naiz. Mutilei eta neskei, biei, erreparatzen diet. Baina Sandra Ramajo izan da beti nire erreferente nagusia. Gertutik ezagutzen dut, emakume sendoa da, jokalari bikaina eta zelaian hustu egiten den horietakoa. Beti izango da eredu niretzat.
Taldeari dagokionez, sailkapenean bosgarren zaudete. Zeintzuk dira denboraldia amaitu arteko helburuak?
Talde nortasuna idartzea eta profesionalki haztea, besteak beste. Liga hau, ez da erraza, talde indartsuak daude. Dena den sailkapenaren lehen postuetan puntuen aldea txikia da. Horri eusten saiatuko gara, denboraldia, taularen goiko aldean amaitzen.
Oviedoren aurka jokatuko duzue asteburuan, etxean.
Entrenatzaileak aukera ematea espero dut. Etxean jokatuko dudan lehena izango litzateke. Zaletuek zelaian ezagutzea nahi dut eta haiek nirekin gustura egotea.
Azken hilabeteetan albiste izan dira emakume futbolarien protestak. Duela egun gutxi ituna sinatuko dela jakinarazi dute. Zein da zure iritzia?
Bai mutilek eta bai neskek, ordu asko sartzen ditugu. Neskak, bereziki, futbola eta ikasketak edo lana uztartzeko arazo gehiago dugu. Uste dut, neskek merezi dugula gure egoera ontzea. Lan ituna sinatzearekin ados nago.
Zu zeu, futbolaz gain beste zerbaitetan ari zara?
Ikasten ari naiz. Haur Hezkuntzako gradua hain zuzen. Praktikak egitea falta zait.
Bukatzeko, etorkizun hurbila, nola ikusten duzu. Ekainera arte duzu kontratua, eta ondoren zer?
Lehenik eta behin, bai Realari eta bai Alavesi eskerrak eman nahi dizkiet. Bide berrian jarrita, Alavesen nire tokia egin, ahal den minutu gehien jokatu, dakidana erakutsi, besteengandik ikasi eta bost hilabeteak ahal den ondoen aprobetxatuko ditut.
Ekaina iristean, Realak izango du lehen hitza, baina hori urruti dago eta zer gertatuko den aurreratzea zaila da. Realeari eskertzeko asko dut eta egia da gustura bueltatuko nintzatekeela, txikitatik Realzalea naiz gainera. Dena den, niretzat onena izango dena aukeratuko dut.