Beasaindarrak prest daude San Martin egunerako
San Martin eguneko egitaraua aurkeztu dute gaur. Musika, jana eta omenaldiak izango dira protagonistak.

Dena prest dute beasaindarrek etziko egun handirako. 9:15ean ekingo diete ekitaldiei eta 21:00ak arte etenik gabeko eguna antolatu dute herriko eragile desberdinek: Beasaingo Odolkiaren Kofradiak, Aranealde elkarteak. Murumendi Pilota Eskolak, txistulariek eta musika eskolak…
Beasainera datozen gainerako kofradiei ongietorria Igartzan jauregian egingo diete. Aurten 25 kofradia elkartuko dira, iaz baino lau gehiago. Denera, Euskal Herriko kofradiez gain, Asturiasko, Errioxako, Galiziako… kofradiak etorriko dira. 10:20ean Igartzatik San Martinen estatuara desfilea egingo dute Goizeresi txistulari taldearen eta musika eskolako bandaren laguntzarekin. Amaieran lore eskaintza eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute. 12:00etan, berriz, kofradiaren 35. kapitulua egingo dute eta Ander Gonzalez sukaldaria eta dibulgatzailea eta Arrastaka Mendi Taldea ohorezko kofrade kide izendatuko dituzte.
Arratsaldean Aranealde elkarteak hartuko du protagonismoa: 17:00etan omenduko dituzte Carmen Cerdeira eta Maximo Ibañez kideak. 91 eta 92 urte dituzte hurrenez hurren. Aurtzaka dantza taldearen emanaldia izango da amaitzean, eta jarraian Aranealde elkarteko lerro dantza taldeak lehen emankizuna eskainiko du. Saioa Gurea Abesbatzaren emanaldiarekin eta dantzaldiarekin itxiko da.
Frontoi txikian pilota partidak izango dira 17:00etatik aurrera. Bost taldek entrenatzen dute aurten pilota eskolan, eta talde bakoitzeko partida bat izango da: Amaiur Landa-Aimar Urkia/Ekai Zubillaga-Hodei Saralegi; Haitz Intsausti-Unax Sukia/Urko Ezeiza-Lander Aranburu; Eki Garmendia-Eki Martin/Adei Arana-Adur Sarriegi; Adur Ugartemendia-Urtzi Mujika/Adur Ruiz-Enaitz Irastortza. Bosgarren partidan zeintzuk hartuko duten parte gaur arratsaldean jakinaraziko dute.
Musika emanaldiak ere askotarikoak izango dira: 12:00etan musika eskolako ikasleen emanaldia izango da, eta arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Bentazaharreko Mutiko Alaiak kalez kale ibiliko dira herria alaitzen.
Egitaraua:
09:15 | Kofradiaren harrera eta bilkura Ongietorria ahogozagarriekin Igartza jauregian. |
09:30 | Goizeresi Txistulari taldearen eta Musika Eskolako Bandaren eta Txistularien diana. |
10:20 | Kofradien desfilea Goizeresi Txistulari taldeak eta Musika Eskolako Bandak eta Txistulariek lagunduta. San Martinen estatuara iristean lore eskaintza egingo dute eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute. |
11:00 | Meza nagusia. |
11:00 | Odolki dastatzea Zubimuzu plazan. |
12:00 | Musika Eskolako Bandaren emanaldia. |
12:00 | Kofradiaren 35. kapitulua eta ohorezko kofrade kideen izendapena. |
13:30 | Aranealde elkarteko mokadutxoa. |
14:30 | Adiskidetasun bazkaria Rk jatetxean. |
17:00 | Murumendi Pilota Eskolako pilota partidak Gernika Pasealekuan. |
17:00 | Aranealdeko bazkide helduenei omenaldia. |
Jarraian, | Aurtzaka dantza taldearen emanaldia. |
17:30 | Aranealde elkarteko lerro dantza taldearen emanaldia. |
18:00 | Gurea Abesbatzaren emanaldia. |
Segidan, | Dantzaldia. |
18:15 | Bentazaharreko Mutiko Alaiak kaleetan zehar. |