Beasaindik, Zaldibiatik eta Zegamatik ere muslariak Segurarako bidean
Euskal Herriko Mus Txapelketako herrietako kanporaketen artean, Zaldibian mus saio jendetsua izan da, 23 bikoterekin. Hiru bikote sailkatu dira handik Gipuzkoako finalerako. Zegamatik bat, eta Beasaindik bi.

Euskal Herriko 12. Mus Txapelketa ari da herrikako kanporaketa-fasearen txanpa osatzen. Bi aste bakarrik geratzen dira herrietako saioak jokatzeko eta herrialdeko finalerako bikoteak izendatzeko. Asteburuan, Goierrin lau herritan jokatu dira saioak.
Zaldibian, ostiral gauean, 23 bikote aritu ziren Joxepanen jokoan, inoizko gehien. Partaide kopuruaren arabera sailkatzen direnez muslari bikoteak ere, Zaldibiak hiru bikote ordezkari izango ditu Seguran otsailaren 29an jokatuko den Gipuzkoako finalean, hauek: 1. Julen Dorronsoro-Xabier Cuadrado, 2. Josu Murua-Eneko San Miguel eta 3. Idoia Aristi-Ixa Lizarraga.

Zaldibiako finalistak.
Beasainen, larunbat arratsaldean izan zen musaldia, Arrano tabernan. 12 bikote bertaratu ziren, eta bi bikote sailkatu dira Segurarako. Txapeldun izan diren Iñigo Saiz eta Mikel Prat, eta bigarren geratu diren Jose Miguel Guillorme eta Inazio Torres. Irabazleek, eguneko saritzat, Arrano tabernan otordua eta txapeldunordeek gazta bana jaso dute.
Zegaman, Tartaloetxe elkartean izan zen larunbat arratsaldean herriko kanporaketa. Aitor Arakama eta Jon Arakama lehengusuek irabazi dute, eta haiek ordezkatuko dute Zegama Gipuzkoako finalean. Bigarren Josu Oiarbide eta Mikel Rey izan dira.