Eneko Agirrezabalek Euskadiko Kros Txapelketa irabazi du
Txindoki taldeko segurarrak 36:03ko denbora egin du, eta "arantza ateratzea" lortu duela dio. Emakumezkoetan, txapeldunorde gelditu da Ainhoa Sanz urretxuarra.

Gernikan jokatutako Euskadiko Kros Txapelketan emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan atleta goierritarrek. Eneko Agirrezabal segurarrak Euskadiko txapela jantzi du gizonezkoetan, eta Ainhoa Sanz urretxuarra, txapeldun orde gelditu da emakumezkoetan. Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, “aspalditik hor zegoen arantzatxoa ateratzea” lortu duela azaldu. Eguraldiak ere eragina izan du proban, “bero handia” egin baitu, baina zirkuituarekin eta egindako lasterketarekin gustura agertu da.
Maila nagusiko gizonezkoen proban Marokoko atletak izan dira nagusi, nahiz eta, proba osoan zehar, gertutik jarraitu dituen Agirrezabalek. Hicham Oualla izan da azkarrena, proba 35:12ko denboran bukatuta. 25 segundura sartu da Ahmed Moujane, bigarren sailkatua. Txindoki taldeko segurarra izan da aurreneko euskalduna, hirugarren tokian; Agirrezabalek, 36:03ko denbora egin du. Horrenbestez, berak jantzi du Euskadiko txapela. Beste goierritar batzuk ere lan ona egin dute proba nagusian; Goierri Garaia taldeko Xabat Manzisidorrek 15. tokian bukatu du, Anastasio Gomezek 21. postuan, Endika Donnayk 26. eta Beñat Katarainek 30. lekuan. Taldekako sailkapenean, hirugarren gelditu dira Goierri Garaikoak; Txindokikoak, berriz, 11. tokian.
Ainhoa Sanz, txapeldun orde
Emakumezkoetan ere, estua izan zen maila nagusiko lasterketa. Bilbao Atletismo taldeko Irene Loizate izan da azkarrena 24:02ko denborarekin, eta berak jantzi du Euskadiko txapela. Bigarrena, Majida Maayouf taldekidea sartu da helmugan, denbora berean. Ainhoa Sanz urretxuarrak hirugarren denborarik onena egin du, 34:22, eta bera izan da Euskadiko Txapelketan bigarren sailkatua, Maayoufek ez baitu bertan parte hartzerik. Txindoki taldeko Uxue Ibañez (12. postuan) eta Goierri Garaiko Marina Gonzalez (19.), Lurdes Oiartzabal (21.) eta Uxune Tena (22.) ere oso fin aritu dira. Taldekakoan, hirugarren egin dute Goierri Garaiko neskek.
Argazkiak: Pello Agirrezabal / Txindoki