Su Eskolaren prestazioak txalotu ditu Markel Olanok, zentroaren 10. urteurrenean
Ordiziako Su Eskolan izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat. Markel Olano diputatu nagusiak esan du "suteen kontrako borrokan, Su Eskolaren berrikuntza eta formakuntzaren aldeko apustuak Gipuzkoa eraginkorragoa egin" duela.
Hamar urte bete ditu Ordizian kokatzen den Sueskola Fundazioak, Suteak Itzaltzen Trebatzeko Zentroak. Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Markel Olano, instalakuntzak bisitzen izan da eta esan du “suteen prenbentzioan eta hauen kontrako borrokan, Sueskolaren berrikuntza eta formakuntzaren aldeko apustuaren bidez Gipuzkoa eraginkorragoa” dela. Duela 10 urte eman zuen Suekolak lehen ikastaro ofiziala. Tarte horretan, “2.700 ikastaro inguru eskaini dituzte eta 37.000 pertsona baino gehiago pasa dira bertatik”.
Olanorekin batera, instalakuntzak bisitatzen izan dira Eider Mendoza Gobernantzako Foru Diputatua, Josu Idigoras Prebentzio, Su itzalketa eta Salbamenduko foru zuzendaria eta Iñigo Aldasoro Suekolako zuzendaria. Aldundiko ordezkaritzak, ikastaro praktikoa eta demostrazio bat ikusi ahal izan dute, Pasaiako Itsas Eskolako ikasleekin.
Bisitaren ondoren, Olanok nabarmendu du “Gipuzkoa lurralde berritzailea” dela. “Alor guztietan ezagutza aurreratua sortu eta zabaltzen duen ehun ekonomiko eta soziala daukagu, baita ere suteen eta emergentzien arretaren arloan”. Olanok zorionak eman dizkie zentroko langileei, haien lanari esker “lurraldea erreferente bihurtu delako esparru horretan”.
Sueskolak “enpresek dituzten beharretara egokitutako formakuntza eskaintzen” du, eta urtero, enpresa garrantzitsuetako langileak pasatzen dira bertatik. Ulma, Michelin, Petronor, Gureak eta AVEQ enpresetako langileak adibidez. Gainera, Sueskolan jaso dute formakuntza Gipuzkoako, Donostiako, Bizkaiko, Bilboko, Arabako, Gasteizko, Errioxako, Logroñoko, Nafarroako eta Andorrako suhiltzaileek.