Joxe Mari Auzmendi hil da, Haztegi ikastolako irakasle eta Hik Hasi aldizkariko koordinatzaile izandakoa
Aspaldian Hernanin bizi bazen ere, Legazpin arrasto sakona utzi zuen. Haztegi ikastolako irakaslea izan zen, zinegotzia izan zen, Hots eta Ene Bada! aldizkarien sorreran parte hartu zuen eta Ilintxan eta beste hainbat taldetan jokatu zuen futbolean.
Jose Mari Auzmendi Haztegi ikastolako irakasle izandakoa eta Hik Hasi pedagogia aldizkariko koordinatzaile ohia gaur eguerdian hil da Donostian. Gorputza Hernaniko tanatorian egongo da gaur egun osoan, eta etzi goizean, larunbatarekin, egingo diote azken agurra eta omenaldia Polloeko hilerrian.
Auzmendi (Azkarate, Nafarroa, 1954), hiru urterekin etorri zen Legazpira bizitzera familia osoarekin; zortzi senidetatik zazpigarrena zen. Brinkola-Telleriarteko eskoletan egin zituen lehen urteak, Avelino Sanchez Isasa irakaslearekin; urte haiek hezkuntza mailan arrastoa utzi ziotela esaten zuen.
Kimika ikasi zuen, eta Patrizio Etxeberria lantegiko laborategian lan egin eta gero, Haztegi ikastolan hasi zen irakasle lanetan. Han zebilela, Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sorreran partu hartu zuen, eta ikastola utzi eta gero, 1995ean kaleratzen hasi ziren Hik Hasi aldizkariko koordinatzaile lana hartu zuen. Hernanin bizi zen aspaldian, eta jubilatzeko puntuan zegoen.
Euskaltzalea zen eta, besteak beste, Hots eta Ene Bada! euskal aldizkarien sorreran parte hartu zuen, eta Euskal Txokoa euskara elkarteko kide izan zen. Udal zinegotzia ere izan zen. Futbol munduan ezaguna izan zen gaztetan; Ilintxan, Bergaran, Eibarren eta, Kimika ikasten ari zela, Huescan jokatu zuen.